Eustatek zuzendu egin du uztailaren amaieran emandako datua. Orduan esan zuen urte arteko tasan %2,8 hazi zela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, eta orain %2,9ra igo du datu hori. Edonola ere, baieztatuta geratu da moteltzea: %3 hazten ari zen urteko lehen hiruhilekoan. Hiruhileko arteko tasan, %0,8tik %0,6ra apaldu da hazkundea. Hurrengo hilabeteotako datuetan moteltze hori gehiago ikusiko dela kalkulatu du Eusko Jaurlaritzak, eta urte osorako %2,8ko hazkundea iragarri du. «Hazkunde apalagoa dator, argi eta garbi», onartu du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak.
Hazkunde motelagoa industriaren geldialdiari zor zaio, hein handi batean. Izan ere, denboraldi luze batez sendo hazten aritu ondoren, urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera ez da hazi manufaktura industria, eta %0,1 soilik energia sektorearen ekarpena kontuan hartuta. Urte arteko tasan, %3,7tik %3,1ra jaitsi da hazkundea, bai industria eraldatzailean baita industria sektore osoan ere.
Baina motelaldia sektore nagusira ere iritsi da, zerbitzuetara. Hiruhileko batetik bestera %0,4 baizik ez dira hazi, merkataritza, ostalaritza eta garraioaren geldialdiaren eraginez.
Eustatek nabarmendu duenez, eraikuntzaren sektorea izan da dinamikoena: %2 hazi da hiruhileko arteko tasan, eta %4,1, berriz, urte artekoan.
Lurraldeei dagokienez, Araban hazi da gehien BPGa azken urtean (%3), eta ondoren Gipuzkoan (%2,9) eta Bizkaian (%2,8).
OCDEren aurreikuspenak
Moteltzea orokorra da Euskal Herriko inguruko lurraldeetan ere. Duela astebete, Europako Banku Zentralak hamarren bat jaitsi zuen aurtengorako hazkunde aurreikuspena eurogunean —%2,1etik %2ra—, baina lasaitasunerako mezua zabaldu zuen: ez du atzeraldirik espero eta enplegua sortzen jarraituko da.
Eurogunean ez ezik, mundu osoan ikusten den joera da hazkunde apalarena. OCDEk gaur bertan iragarri du %3,7 haziko dela munduko BPGa aurten, aurretik uste zuena baino hamarren bat gutxiago. Hurrengo urterako ere %3,7 espero du (bi hamarren gutxiago). Aurreikuspen okerragoen arrazoien artean, Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra aipatu du OCDEk, baina baita dolar indartsuagoak Turkian eta Argentinan eragiten ari den krisiak ere.