Ekonomia

Industriaren jarduera %3,5 jaitsi da azken urtean

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jarduera industrialak %0,6 egin du gora maiatzetik ekainera.

2013ko abuztuaren 7a
12:51
Entzun

Iazko ekainarekin alderatuz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jarduera industrialak %3,5 egin du behera. Halaber, maiatzeko datuei erreparatuz gero, ekoizpenak %0,6ko gorakada izan du.

Ez da hazkunderik izan duen sektorerik egon urtarriletik ekainerako datuak kontuan hartuz gero; energiak %0,8 egin du behera, ekipo ondasunek %1,8 eta kontsumo ondasunek %5,9. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da, kontrako bidea jarraitu dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrian pisu gehien duten sektoreen jarduerak, horiek gora egin baitute 2012ko ekainetik 2013ko ekainera: makina eta ekipo sektorea %2 hazi da, plastiko eta kautxuaren sektorea %1,6 eta, azkenik, garraio eta material sektoreak %0,5 egin zuen gora. Txanponaren beste aldean daude beste hainbat sektore; hala nola, ekipo elektrikoena, paperarena eta metalurgiarena. Horien jarduera industrialaren beherakadak %11,2koa, %5,8koa eta %5,3koa izan baitira hurrenez hurren.

Hala ere, erregistratutako azken bi hilabeteetako datuei dagokienez (2013ko maiatza eta ekaina), beherakada izan duen sektore bakarra energiarena izan da; %3,2 eginaz behera. Ekipo ondasunek hazkunde leun bat erregistratu zuten (%0,9) eta kontsumo ondasunek gorakada handiago bat izan zuten (%4,7).

Lurraldeka ere antzeko bilakaera egon da; urtarriletik ekainera, jarduerak behera egin du, eta, maiatzetik ekainera, berriz, gora. Horrela, 2013ko lehen seihilekoan %6,9 uzkurtu da Bizkaiko jarduera industriala, %1,8 Arabakoa eta %0,9 Gipuzkoakoa. Erregistratuak dauden azken bi hiletako datuei erreparatuta, aldiz, Gipuzkoan %3,1 egin du gora eta Araban %1,9. Bizkaian, berriz, bai lehen sei hileko datuak eta baita maiatza eta ekaina bitartekoak ere ekoizpen industrialaren gutxitze nabarmena uzten dute agerian; maiatza eta ekaina bitarte %2,6 egin baitu behera.

Nafarroaren kasuan, berriz, kaleratutako azken datuak 2013ko maiatzekoak dira. Industriaren jarduerak bera egin zuen Nafarroako industrian, bai iazko maiatzetik aurtengo maiatzera (-%7,9) eta baita aurtengo urtarriletik maiatzera ere (-%3,3).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.