Langabezia

Industriari esker, otsailean behera egin du langabeziak Hego Euskal Herrian

Urtarrilean baino 3.650 afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak, eta pixka bat igo da babesa duen langabeen kopurua.

Lanbideko bulego bat. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko martxoaren 2a
08:06
Entzun

Otsaileko langabezia datuak eman ditu Espainiako Enplegu Ministerioak, eta, iazkoen aldean, 20.293 beharginek aurkitu dute lana Hego Euskal Herrian. Urtarrileko datuekin alderatuta ere gutxiago dira langabezian jarraitzen dutenak: 254 orotara.

Urtarrilean, ohi denez, zerbitzuei lotutako kontratu andana eten edo amaitu ziren, eta horrek langabeziaren igoera handia ekarri zuen; otsailean erantzun apala eman du sektore horrek (-121), eta askoz hobea, berriz, industriak. Bigarren sektorean 449 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Langabezia handitu da enplegurik gabekoen artean  (259) eta nekazarien artean (156).

Lurraldeka, soilik Araban egin du gora langabe kopuruak urtarriletik: 927 behargin gehiago daude han lanik gabe. Gipuzkoan jaitsi da gehien lanik gabe daudenen kopurua: 645 behargin.

Ehunekoetan, berriz, urtarriletik Gipuzkoan apaldu da gehien lanik ez dutenen kopurua, %1,51; ondoren, Bizkaia dator, %0,60ko jaitsierarekin; eta hirugarren, Nafarroa, %0,04ko beherakadarekin. Araban, aldiz, %3,64 egin du gora langabeziak.

Araba: otsail bukaeran, 26.376 langabe. Urtarriletik, 927 (%3,64); iazko otsailetik, -1.543 (-%5,53).

Bizkaia: otsail bukaeran, 86.213 langabe. Urtarriletik, -519 (-%0,60); iazko otsailetik, -9.725 (-%10,14).

Gipuzkoa: otsail bukaeran, 41.966 langabe. Urtarriletik, -645 (-%1,51); iazko otsailetik, -5.072 (-%10,78).

Nafarroa: otsail bukaeran, 45.096 langabe. Urtarriletik, -17 (-%0,04); iazko otsailetik, -3.953 (-%8,06).

Hego Euskal Herria: otsail bukaeran, 199.651 langabe. Urtarriletik, -254; iazko otsailetik, -20.293.

Langile gehiago

Langabeen datua baino hobea da langileena. Guztira 1.157.447 euskal herritar daude izena emanda Espainiako Gizarte Segurantzan, urtarrilean baino 3.650 gehiago, eta duela urtebete baino 25.540 gehiago. Batez ere erregimen orokorrean dauden langileak handitu dira (3.451), etxeko langileekin (+274) eta itsasokoekin batera (+119). Autonomoen kopurua apenas aldatu da (+82) eta jaitsi egin da, berriz, nekazariena (-148).

Babesa duten langabeen kopuruaren jaitsierak eten bat izan du. Urtarrilekoak dira azken datuak, eta horietan agertzen denez, langabeen %23,2k jasotzen dute langabezia saria, eta %15,9k, berriz, subsidioa. Langabezia saririk gabekoak gehiengo handia dira oraindik —%58,4 edo 116.879 lagun—, nahiz eta 2015eko abendutik haien kopurua pixka bat jaitsi den.

Lan kontratu gehien-gehienak aldi baterakoak dira (%92,4), eta %7,5 baizik ez dira mugagabeak. Aldi baterakoak ez ezik oso aldi laburrekoak direla gogorarazi zuen atzo ELAk. Izan ere, 2015.urtean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan sinatutako hamar kontratutik bederatzi hiru hilabetekoak edo iraupen laburragokoak izan dira

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.