Espainiako INEk Hego Euskal Herriko inflazioaren datua emango du luze gabe, eta oso litekeena da Atzeraldi Handiaren lehen urteetara jo behar izatea jakinaraziko duen KPIaren erreferentziak aurkitzeko. Izan ere, bizitzaren garestitzea gora eta gora doa pandemiaren osteko susperraldiak hauspotuta, eta dagoeneko %3,3 da KPIa Hegoaldean. Bada, %4ko langatik hurbil geratuko da irailean, kontuan hartuta INEk gaur jakinarazi duela Espainiako inflazioa %4ra igo dela. 2008. urtetik ez da garestitze handiagorik izan adierazle horretan.
Horregatik, Hego Euskal Herrian ere gorakada handia espero da inflazioan, energia izugarri bultzatzen ari delako gora, inoizko preziorik garestienetakoekin. Argindarra kontrolik gabe doa gora, eta, atzo, handizkako merkatuan 190 euroan zegoen kilowatt-ordua, beste errekor bat. Horri gehitu behar zaio petrolioa gero garestiago saltzen ari dela, eta Brent upelak 80 dolarrak gainditu dituela. Autoaren biltegia betetzea ez da orain baino garestiagoa izan 2018. urtetik. Esan beharrik ere ez dago: janariaren ekoizpena eta garraioa garestitu egin dira azken hilabeteetan, eta produktu asko dira urte hasieran baino garestiagoak: olioa, kafea, haragia, barazkiak....
Beraz, inflazioa %4 ingurukoa izango dela aurreikus daiteke, eta horrek ondorio handiak izan ditzake negoziazio kolektiboan, batetik, baina pentsioetan ere bai, bestetik. Ikusteko dago 2021. urtearen amaieran non kokatuko den KPIa; adituek uste dute %3tik behera izango dela, baina, hala ere, igoera handiak egon beharko dira soldatetan erosteko ahalmena ez galtzeko. Pentsioen sistema publikoak ere ahalegin handia egin beharko du aurten, pentsioak KPIa bezainbeste igo beharko dituenez; igoera hori %3 ingurukoa izan daiteke.