Abuztuan inflazio negatiboaren aroa atzean utzi ondoren, etengabe gorantz egin dute prezioek Hego Euskal Herrian. Urrian abiada hartu du joera horrek, hilabete eskasean KPIa 1,2 igo baita lau lurraldeetan. Araban %1,6ra iritsi da igoera. INEk zehaztu duenez, erregai garestiagoari zor zaio igoera ikusgarri hori, handiena 2012ko apiriletik.
Egia da urrian normalean prezioak igo egiten direla, besteak beste, udako merkealdiaz ahaztu, eta jantzi saltokiek neguko arropak eskaintzen dituztelako. Horrela, jantziak eta oinetakoak %13,4 garestitu dira irailetik urrira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %7,9, berriz, Nafarroan.
Urriko igoerari esker, hilabete bakarrean %0,4tik %0,8ra igo da urte arteko inflazioa. Daturik handiena da 2013ko abuztuaz geroztik, nahiz eta oraindik oso urruti dagoen Europako Banku Zentralak inflazio egokitzat duenetik, hots, %2tik gertu baina azpitik.