Inflazioa gorantz, oraingoan argia garestitu delako

Urtebetean %3,1 igo dira kontsumo prezioak Hego Euskal Herrian; urtarrilean, aldiz, %0,9 jaitsi dira

2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Oraingoan argindarra izan da eragile nagusia. Urtearen hasieran, Espainiako Gobernuak %15 garestitu zuen herritar gehienek ordaintzen duten tarifa, eta inflazioak gorantz jarraitzea ekarri du horrek. INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, urtarrilean %3,1era iritsi da Hego Euskal Herrian, eta 2008ko urriaz geroztik, handiena da. Lau herrialdeetako inor ez da salbuespena: Araban, urtebetean %3,3 igo dira kontsumo prezioak; %3,2 Bizkaian; eta %3,0 Gipuzkoan eta Nafarroan. Espainiako Ekonomia Ministerioak onartu du inflazioaren zatirik handiena argindarraren prezioaren igoerari zor zaiola, baina esan du elikagaien, gasaren eta tabakoaren garestitzeak ere eragin dutela, besteren artean.

Urteko lehen hilabetean, ordea, kontrako joera hartu dutekontsumo prezioek; merkatzekoa, hain zuzen. Hala gertatu ohi da urtero, neguko merkealdiaren eraginez. INEren arabera, oraingoan, %0,9 jaitsi dira salneurriak Hego Euskal Herrian. Oinetakoak eta jantziak dira gehien merkatu diren ondasunak.

Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko ordezkariaren hitzetan, «elikagaiak eta oinarrizko beste ondasun batzuk zenbat garestizen ari diren ikusita, inflazioak erreferentzia izaten jarraitu behar du soldatak igotzeko orduan». CCOOk esan du produktibitatea eta inflazioa uztartuko dituen formula defendatuko duela, baina formula horrek erosahalmenari eustea bermatu beharko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.