Kontsumo Prezioen Indizea 2014ko azaroan sartu zen maila negatiboan, eta horrela egin ditu zazpi hilabete. Ekainean, ordea, berriro zenbaki positiboetara itzuli da, %0,1era hain zuzen ere. Argindarraren eta elikagaien garestitzearen eskutik itzuli da inflazioa. Janaria eta edari ez alkoholikoak duela urtebete baino %2 garestiagoak daude. Halaber garestiago daude edari alkoholdunak eta tabakoa (%1,4), eta jantziak eta oinetakoak (%0,6). Merkeago, berriz, garraioa atalean biltzen direnak (-%2,7), azken hilabeteotan erregaia garestitu arren, oraindik iaz baino merkeago dagoelako.
Igoera horrek deflazioa urruntzen du, hau da, prezioak aldi luze batean jaistea. Deflazioaren beldur dira ekonomistak, sustraituz gero zaila baita hortik ateratzea eta ekonomia hondora dezakeelako. Izan ere, prezioak gehiago jaitsi daitezkeela uste izateak erosketa eta inbertsio asko atzera ditzake, prezio hobeago baten esperoan. Horrek kontsumoa jaitsi egiten du eta ekoizpena jaitsi. Deflazioaren arriskua uxatzea da Europako Banku Zentralaren bono erosketa masiboaren arrazoietako bat. EBZren helburua, %2ren azpiko baina horren gertuko inflazioa da mailarik egokiena.