Petrolioarengatik jaitsi eta petrolioarengatik igo. Horrela laburbil eta sinplifika daiteke kontsumo prezioen indizearen bilakaera azken urtean. Maiatzetik urriraino negatiboa izan zen, neurri handi batean aurten petrolioaren prezioa iazkoaren oso azpitik izan zelako. Baina iazko azaroan sekulalako beherakada izan zuen -54 dolarrean salerosi zen batez beste Brent upela- eta aurten horren gainetik dabilenez -77 euro azaroan-, inflazioa berriro igo egin da.
Berria ez da, berez, txarra. Prezioak jaisteak esan nahi du ekonomia gaizki doala eta dauden produktuak eta zerbitzuak merkatu egin behar direla saldu nahi baldin badira. Igoera txikia izatea da, berriz, banku zentralen helburu nagusia, prezioak kontrolpean daudelako eta ez diotelako trabarik egiten jarduera ekonomikoari.
Urtarrileko saririk ez
Azaroko datua gazi-gozoa da erretiratuentzat eta beste pentsiodunentzat. 1998az geroztik urtarrilean jaso duten aparteko saririk ez dute jasoko aurten. Azken urteotan, %2 igo ditu pentsioak Espainiako Gobernuak, hori baita Europako Banku Zentralaren inflazio aurreikuspena; baina legez pentsioek erosteko ahalmena galtzerik ez dutenez, eta inflazioa beti %2 horren gainetik gora geratu denez, igo behar zuenaren eta egindakoaren arteko aldea urtarrilean pagatu izan ohi du Espainiako Gizarte Segurantzak.
Aurten ez da halakorik izango, funtsean, pentsioek erosteko ahalmena irabazi egin dutelako. Nafarrek, bereziki: Nafarroan inflazioa oraindik negatiboa da(-%0,1), eta horrek esan nahi du %2,1 igo dela haien erosteko ahalmena. Gipuzkoarrek eta arabarrek %1,6 irabazi dute, eta %1,2 bizkaitarrek.
Edonola ere, oso litekeena da Nafarroak ere urtea inflazio positiboarekin amaitzea, urtarriletik azarora han ere prezioak %0,4 igo baitira. Nafarroa izan da, gainera, azaroan prezio igoera handiena izan duen lurraldea, %0,8koa alegia. Araban eta Bizkaian %0,6 igo dira, eta %0,2 Gipuzkoan.
Euskadiko CCOOk kezka adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoan inflazioa Espainiakoaren halako bi delako. Sindikatuak ez du uste KPIaren igoera ekonomiaren hobekuntzari zor zaionik, eta deitoratu du enpresak egoera txarra baliatzen ari direla erregulazio espedienteak aurkezteko.CCOOk eskatu die foru aldundiei ez ditzaten soldaten gaineko atxikipenak handitu, «langileen erosteko ahalmenaren murrizketa aurreratzen ari direlako».
Deflazioa urrun geratu da
Espainiako Gobernuak begi onez hartu du azaroko datua. Batetik, pentsiodunen soldata osatu behar ez izateak esan nahi duelako ez duela diru kutxa ireki beharko. Iaz, esaterako, 635 milioi euro pagatu behar izan zituen.
Bestetik, Madril gustura dago deflazioaren mamua uxatu duelako. Hala deritzo aldi luze baterako prezioak jaisteari. Itxuraz ona dirudien arren, justu kontrakoa da, atzeraldiaren gurpil zoroa elikatzen duelako. Izan ere, herritarrek eta enpresek uste badute prezioek jaitsi behar dutela, erosketak atzeratzen dituzte; horrek dakar produktuak ez saltzea eta prezioak gehiago jaistea.
Jose Manuel Campa Ekonomiako Estatu idazkariak nabarmendu du ez dela deflaziorik izan, «baizik eta prezioen aldi baterako jaitsiera». Hurrengo hilabeteotan egoera «normalduko» da, eta inflazio txikia izango da, egoera ekonomikoa txarra delako, eta azkenaldian energiaren prezioak nahiko egonkor dabiltzalako. Azpiko inflazioa berriro positiboa izatea -%0,2- ontzat jo du Campak, horrek erakusten duelako igoera ez dela osorik petrolioaren garestitzearen ondorioa.
Erregaia igota, garraioa ere garestitu da. Jantziak eta oinetakoak ere garestiagoak dira, udazkenerako eta negurako arropak erosteko garaia delako.
Inflazioa positiboa da berriro, sei hilabetez zero azpikoa izan ondoren
Pentsiodunek ez dute aparteko saririk jasoko, aspaldiko partez pentsioak KPIaren gainetik igo direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu