Lehen aldia da urtarrilaz geroztik inflazioa tasa positiboetan dagoela. Urte hasieran %0,1ra iritsi ondoren, erregai merkeen bultzadak ekarri zuen berriro tasa negatiboetara itzultzea. Apirilean eta maiatzean jo zuten behea prezioek, aurreko urtean baino %0,7 merkeagoak izan baitziren.
INE Espainiako estatistika erakundeak azaldu duenez, erregaiak iaz baino gutxiago merkatu izanak ekarri du inflazioaren igoera. Halaber lagundu du autoen salneurria igo izana, PIVE planak bukatu ondoren. Iaz ez bezala, argindarra garestitu egin da eta aseguruak ere. Elikagaien prezioek, ordea, beheraka egin diote tira inflazioari.
Lurraldez lurralde bada alderik: tasa negatiboetan jarraitzen du Arabak (-%0,1), parean Gipuzkoan (%0) eta positiboan Bizkaian (%0,1) zein Nafarroan (%0,3).
Edonola ere, tasa horiek guztiak oso urrun daude Europako Banku Zentralak egokitzat jotzen duen inflaziotik, %2tik hurbil baina hortik behera.