Uste baino gehiago egin dute gora prezioek Erresuma Batuan, ekonomistek %0,9koa espero baitzuten. Igoera handia da, abuztuan %0,6an baitzegoen inflazioa.
Prezioen igoera ez da Erresuma Batuari soilik dagokion kontu bat, neurri batean petrolioaren azkenaldiko garestitzeari lotuta dagoelako. Hego Euskal Herrian ere %0,4ra iritsi zen irailean, eta eurogunean ere maila horretan dagoela baieztatu zuen atzo Eurostatek. Inflazio txikia da oraindik, eta banku zentralek ekonomiaren funtzionamendu onerako desiragarri duten mailatik —%2tik behera baina hurbil— behera dago, baina 2014tik hona inflazio negatiboarekin jokoan izan ondoren, joera aldaketa bat erakusten du.
ONS Erresuma Batuko estatistika erakundearen arabera, emakumeen jantzien, garraioaren eta erregaien garestitzeak eragin dute inflazioaren igoera. "Ez dago zantzu argirik erakusten duenik libera ahulago bat inflazioa eragiten hasi dela", azaldu du ONSk. Ikusteko dago merkatuek ere irakurketa hori bera egingo ote duten, goiz ala berandu inportatutako produktuen garestitzeak inflaziora ere igarotzea normalena izango litzatekelako.
Erreferendumaz geroztik liberak bere balioaren ia %20 galdu du dolarrarekiko eta %15etik gora euroarekiko. Inportatutako produktuak batez ere dibisa horietan ordaintzen direnez, saltokiek ere prezioak igo beharko dituzte. Bi arrazoik esplikatzen dute oraindik kontsumitzaileek liberaren ahultzea ez antzematea: enpresek galera beren irabazi tarteak gutxituz irentsi izana eta, batez ere, beren erosketa kontratuetan dibisen gorabeheren aurkako aseguruak kontratatzen dituztela, hedge izenekoak. Kontratu horiek sei hilabete edo urtebete iraun ohi dutenez, ondasunen prezioak batez ere 2017tik aurrera igotzea espero dute analistek.