Krisiak petrolioaren kontsumoa moteldu du ekonomia aberatsenetan, eta, horren ondorioz, erregaiaren prezioa jaisten ari da gutxika-gutxika. Gaur, Brent upela 104 dolarretan salerosten ari da. Merkatze hori pixka bat antzeman zen martxoan gasolindegietan, eta beherantz bultzatu zuten inflazioa ere. Hego Euskal Herrian %2,4an kokatu dela azaldu du INE Espainiako estatistika erakundeak, aurreko bi hilabeteotan baino bi hamarren gutxiago. Irailean jo zuen goia inflazioak, %3,3an, Espainiako Gobernuak BEZa igo ondoren.
Edonola ere, bada datu bat oso kezkagarria dena. Azpiko inflazioa, erregaiaren eta elikagai freskoen prezioak kontuan hartzen dituena, %2,3an dago Espainian —Hegoaldeko daturik ez dago—, eta %1,7an dago euroaren eremuan. Horrek esan nahi du kontsumoa jaitsita ere enpresa edo zerbitzu asko beren irabazi marjinei eutsi nahian dabiltzala. Europako Batzordeak berak harridura azaldu du Espainiaren inflazio mailarekin, krisia inguruko estatuetan baino gogorrago jotzen ari dela kontuan hartuta.