Seigarren hilabetez jarraian tasa negatiboetan jarratzen du Kontsumo Prezioen Indizeak, Hego Euskal Herrian. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, prezioak duela urtebete baino %0,3 txikiagoak izan ziren uztailean. Edonola ere, zerotik gertuen dagoen inflazioa tasa da joan den otsailean prezioak beherantz egiten hasi zirenetik. Apirilean eta maiatzean -%0,7ra heldu zen inflazio negatiboa, eta -%0,5era, berriz, ekainean.
INEk azaldu duenez, fruitu freskoek eta barazkiek eragin dute urte arteko tasaren igoera: iaz merkatu egin ziren uztailean, eta aurten, berriz, garestitu. Bidaia antolatuen garestitzeak ere izan du bere eragina. Inflazioari beherantz tira egin diote, aldiz, hotelek eta ostatuek (iaz baino gutxiago garestitu dira), etxebizitzak (argindarra merkeago dagoelako) eta garraioak (erregaiak iaz baino gehiago jaitsi direlako).
Hilabete arteko aldaketei dagokienez, uztailak, ohi duen moduan, prezioen jaitsiera ekarri du. Ekainean baino %0,6 txikiagoa izan da KPI uztailean, udako merkealdiarengatik eta erregaiak merkeagoengatik.