Inflazioaren beherakadak bidea ireki dio EBZri interes tasak jaisteko

Petrolioaren merkatzeari esker, euroaren eremuan prezioak uztailean %4 igo dira eta abenduan, aldiz, %1,6

Iker Aranburu.
2009ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Interes tasak are gehiago jaisteko seinalea jaso du Europako Banku Zentralak. Atzo, Eurostatek baieztatu zuen prezioek nabarmen behera egin dutela euroaren eremuan, eta inflazioa, hilabete eskas batean, %2,1etik %1,6ra murriztu dela. Petrolioaren prezioaren amiltzeari zor zaio beherakadaren zatirik handiena, baina kontsumoaren jaitsierak ere lagundu egin dio.

Eurostatek hilaren 15ean emango du abenduko inflazio harmonizatuaren behin betiko datua, eta egun horretan bilduko da EBZko lehendakaritza ere Frankfurten. Analista gehienek espero dute EBZk interes tasa ofizialak %2,5etik %2ra jaistea. Murrizketa 0,75 puntukoa izango dela dionik ere bada.

Iragarpen hori, ordea, ez dator bat Jean Claude Trichet EBZko presidenteak abenduan iradokitakoarekin. Orduan, adituekulertu zuten urtarrileko bileran interes tasak bere hartan utziko zituela EBZk, abenduko jaitsiera handiak -0,5 puntukoa- zer ondorio izan zuen ikusi arte.

Orduz gero kaleratu diren emaitza eta iragarpen guztiak beltzak izan dira euroaren eremuarentzat, Europako Batasun osoarentzat eta munduko herrialde gehienentzat ere. Gauzak horrela, azken egunotan hasi dira EBZko kideak interes tasen jaitsiera iragartzen. Igandean bertan, Lucas Papademos EBZko presidenteak ohartu zuen diruaren prezioa gehiago jaitsiko zutela, atzeraldia oso sakona izan ez dadin.

Deflazioaren mamua

EBZren helburu nagusia da prezioak «%2tik gertu baina behetik». Xede horrek epe motzean iritsezina zirudien udan, petrolioaren inoizko preziorik gorenak bultzatuta -147 dolar upeleko-, inflazioa %4ra heldu baitzen eurogunean. 2008an batez besteko inflazioa %3,3koa izan da.

Hego Euskal Herrian, inflazioa %5,2ra iritsi zen uztailean, baina orduz gero jaitsi egin da, eta abenduko datua ematen dutenean ezohiko zerbait gerta daiteke: Hego Euskal Herriko inflazioa euroaren eremukoa baino txikiagoa izatea. Halakorik ez da gertatu duela hamar urte euroa sortu zenetik. Dagoeneko gertatu da Espainian, herenegun zabaldutako behin-behineko datuen arabera, inflazioa %1,5ekoa izan zelako. Hegoaldean, prezioek Espainiakoen antzeko jokabidea izan ohi dute.

Prezioen jaitsierak kezka iturria ere aldatu du. Uda partean estanflazioa zen modako hitza, hau da, ekonomia pattal egon arren prezioak asko igotzea. Orain, ordea, deflazioak hartu du estanflazioaren lekua. Inflazioaren kontrakoa da deflazioa, hau da, prezioek behera egitea. Oso ondorio kaltegarriak izan ditzake ekonomiarentzat, prezio txikiagoen esperoan herritarrek gutxiago kontsumitzen dutelako eta enpresek gutxiago inbertitu. Horrek sortzen duen gurpil zorotik irtetea oso zaila da, Japoniak 1990eko hamarkadan erakutsi zuenez.

Aditu batzuek uste dute horretarako arrisku handirik ez dagoela orain, inflazioaren jaitsieraren zergati nagusia petrolioaren merkatze soila delako. Petrolioa bereziki iaz igo zenez, helduko da une bat aurtengoaren eta iazkoaren artean alderik ez dagoela, eta hortaz, inflazioan ez duela eraginik izango. Petrolioak iazko udan goia jo zuenez eta gero berehala merkatu zenez, litekeena da uztailean deflazioa izatea, eta hortik aurrera berriro inflazio txikia itzultzea.

Gainera, urte amaieratik gora egiten ari da petrolioaren kotizazioa. Abenduaren 24an 36 dolarrean salerosten zen Brent upela, eta 54 dolarretik gora atzo. Hau da, ia %50 gorago. Hiru arrazoi nagusi aipatu dituzte igoera justifikatzeko: Israelek Gazako palestinarren aurka egindako erasoa, Errusiaren eta Ukrainaren arteko enegarren eztabaida gasa dela-medio, eta LPEEk abenduan ekoizpenean egindako murrizketek eskariaren eta eskaintzaren arteko aldea estutu dutela.



Euroak indarra galdu du dolarrarekiko eta liberarekiko parekotasuna urrundu da

Joan den urtearen amaieran oso hurbil zirudien euroak eta libera esterlinak balio bera izango zuten eguna. Abenduaren 29an euroak inoiz liberarekiko izandako baliorik handienera iritsi zen, 0,97855era. Ordutik hona, ordea, balioaren %6 galdu du diru bakarrak, eta atzo 0,9176an utzi zuen truke tasa ofiziala Europako Banku Zentralak. Dolarrarekiko ia %9 galdu du euroak azken hiru asteotan: abenduaren 18an 1,4616 dolarrean salerosten zen euroa, eta 1,3332 atzo. Euroaren ahultzeak hein handi batean lotura du interes tasen balizko jaitsierarekin. Izan ere, azken hilean ez zirudien posible EBZk dirua merkatzea, eta hortaz, euroan zeuden aktiboak erakargarriagoak ziren AEBetakoak eta Erresuma Batukoak baino, bi leku horietan interes tasak txikiagoak direlako. Orain, badirudi eurogunean ere tasak beherantz doazela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.