ZER DA INFLAZIOA?
Ekonomia batean prezioen egoera neurtzen du inflazioak. Oro har, urte arteko tasa baten bidez adierazten da. Euroguneko inflazioa, otsailean, %0,8 izan zen. Horrek esan nahi du aurreko urtearekin alderatuz prezioak orokorrean zortzi hamarren garestitu zirela.
NOLA NEURTZEN DA?
Estatistika bulegoek produktu eta zerbitzu saski bat osatu, eta denda nahiz enpresak hilero bisitatzen dituzte, saski horretako prezioek gora edo behera egin duten egiaztatzeko. Adierazle nagusia kontsumo prezioen indizea (KPI) izaten da. Saskiaren osaketa sarritan eztabaidagai izaten da, zer sartu eta zer ez, eta denboraren joanean ere aldatuz doa, berrikuntza teknologikoak edo gizartearen ohitura aldaketak islatzeko. Zirkulazioan dagoen diru kopuruak ere zerikusia du inflazio mailarekin.
ZER ESATEN DU?
Bizi-mailaren aldaketak islatzeko aldagai garrantzitsua da. Pertsonen eta familien soldatak eta diru sarrerak inflazioaren gainetik handitzeak esan nahi du erosahalmena irabazi dutela, bizi-maila handitu. Edo kontrakoa.
ONA ALA TXARRA DA?
Eztabaida asko egon dira horri buruz. Teoria zabalduenak dio ekonomia kapitalista batentzat funtzionatzeko beharrezkoa dela. Batetik, prezioek eta soldatek gora egiteko presioa egiten dute. Bestetik, inflazioa dagoela jakiteak kontsumoa animatzen du, esku artean duzun diruak denboraren poderioz balio gutxiago izango duelako.
ZEIN DA MAILA EGOKIA?
EBZren helburua indizea «%2ren azpitik baina hortik hurbil» mantentzea da. Inflazioak duen garrantziaz jabetzeko: EBZren agindu nagusia prezioen orekari eustea da. Ez ekonomiaren hazkundea bultzatzea, ez langabeziaren jaitsiera bilatzea. Helburu bakarra inflazioa kontrolatzea da. EBZk uste du %2 horrekin nahikoa dela kontsumoa eta inbertsioa ez atzeratzeko, baina aurrezkiari kalte handirik egin gabe.
ZEIN DA ORAIN ARAZOA?
Euroguneko inflazioa otsailean %0,8 izan zen, EBZren helburutik urrun. Normalean, interes tasak jaitsita bultzatzen da, maileguak ugaritzen dituelako eta kontsumoa handitu. Interes horiek, ordea, ezin dira gehiago apaldu eta beste bide batzuk behar ditu EBZk inflazioa handitzeko. Neurri horiek —funtsean, zorra, maileguak edo beste finantza aktiboak erostea inbertitzaileei— izan ditzaketen albo ondorioen beldur da banku zentrala, eta horregatik ari da atzeratzen erabakia.
ZEINTZUK DIRA INFLAZIOARI LOTUTAKO FENOMENO NAGUSIAK
• Hiperinflazioa. Prezioen hazkunde nurrigabea da. Oro har, %50etik gorako prezioen hazkundea adierazten du. Adibiderik aipagarriena Alemania da 1920ko hamarkadan, Lehen Mundu Gerraren ondoren. Esan ohi da prezioak orduro igotzen zirela saltoki batzuetan. Adibide hurbilago bat Zimbabwen gertatu da, 2000ko hamarkadan: prezioak 24 orduan behin bikoiztera iritsi ziren. Hiperinflazioak aurrezki aukera oro ezabatzen du, eta, ondorioz, inbertsioak planifikatzeko aukera.
• Deflazioa. Kontrako gertaera da. Ekonomia batean prezioek behera egiteko joerari eusten diotenean gertatzen da. Hiperinflazioa bezain arriskutsua izan liteke. Enpresek eta pertsonek dirua gastatzeko unea atzeratzen dute, prezio merkeagoen esperoan. Espiral horrek kontsumoa gelditu, eta hazkundea trabatzen du. Adibiderik argiena Japoniako hamarkada galdua da, etxebizitzari lotutako burbuila batek eztanda egin ondoren. Eurogunean orain berdin gertatzeko arriskua ikusten dute analista askok, baina ez, ordea, EBZk.
• Desinflazioa. Kasu honetan ere prezioen jaitsiera orokorra gertatzen da, baina inflazioa ez da tasa negatiboak izatera iristen. Ekonomialari askoren irudiko, gaur egun Hego Euskal Herrian eta Espainian desinflazio egoera dugu. Hegoaldean urte arteko inflazioa %0,4 da.
• Estagflazioa. Bi munduen nahasketarik okerrena da. Batetik, inflazio maila esanguratsuak. Bestetik, ekonomiaren hazkunde oso eskasa, geldialdi bat azken finean. 1970eko hamarkadako petrolioaren krisian lehen aldiz herrialde garatuetan inflazio handiak eta langabeziak bat egin zuten. Oro har, bat edo bestea sustatzeko errezetak kontrajartzen dira, eta ez du irteera errazik.
Inflaziorik ezak estututa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu