Muxikako (Bizkaia) Industria de Maderas Aglomeradas itxi, eta langile guztiak kalean gera daitezke edozein unetan. Langile batzordeak jakinarazi duenez, enpresa bizkaitarrak ez du Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) berritu, eta, hala ere, bere ekoizpenarekin aurrera egin du. Muxikako Udalak jarduera baimena bertan behera uzteko prozedura abiatu du. ELAko Hainbat federazioko David Palaciosen esanetan, edozeinek eraman dezake Inama auzitara, eta epaileak «fabrika ixteko eskumena eta arrazoiak izango lituzke».
Enpresaren etorkizuna arriskuan ikusita, Inamako zuzendaritzaren jarrera salatzeko agerraldia egin zuten atzo Gernika-Lumon. Muxikako lantegia, alabaina, aspaldi da ezaguna, herrian eta eskualde osoan ere. 90eko hamarkadatik izan dira bizilagunen salaketak zurgintza enpresaren aurka, horren jarduerak inguruetan sortutako eragozpenengatik: kea, hatsa, zarata eta kutsadura, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren IBB bazuen Inamak, baina baimenari eusteko zenbait baldintza bete behar zituen. Enpresak instalazioak handitzeko eskaera egin zuen aspaldi, ingurumen eskakizunak betetzeko ezinbestekoa zuela argudiatuta. Muxikako Udalak, alabaina, handitzeko baimena ukatu zion.
Erakunde publikoen esku-hartzea eskatu dute langileek. Oraingoz, Udalarekin besterik ez dute lortu bilera: «Hasieratik hartu gaituzte, eta informazioa ere partekatu dute gurekin, arazoa da haiek ez dutela egoera konpontzeko aukerarik». Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin astelehenean batzartuko dira, eta Ingurumen Sailera ere jo dute, «arrakastarik gabe».
Langileek badakite ingurumen legeak bete behar direla, baina uste dute «pentsaezina» dela krisian murgilduta 160 lanpostu galtzen uzteari. Palaciosek azaldu duenez, Inamako langileak 135 inguru dira, baina lantegiarentzat zuzenean lan egiten duten beste 25 bat daude. Horrez gain, eskualdean zeharkako ia 600 lanpostu daude zurgintza fabrikaren menpe. Langile batzordeak, ELAko bost ordezkarik eta CCOOko lauk osatuta, elkarrekin ari dira haien egoera «gizarteratu» nahian.
Ingurumenari lotutakoak ez ezik, Inamak bestelako arazoak dituela ohartarazi du ELAko ordezkariak. Izan ere, langileen lanaldia murrizteko erregulazio espedientean daude iaztik, eta datorren urteko udara arte luzatuko da. Edonola ere, lanpostuei eusteko akordioa dute zuzendaritzarekin. Lan zama txikia dute azkenaldian, eta enpresak Euskal Herritik kanpo dituen lantegietako batzuk itxi egin ditu dagoeneko.
Dynamobeleko lan gatazka
Arazoak dituzte Berriobeitiko Dynamobelen (Nafarroa) eta Gasteizko Progeden ere. Asteazkenean Nafarroako Gobernuak Dynamobeleko 36 langile kaleratzeko lan erregulazioko espedientea onartu zuen -enpresak 49 kaleratzea proposatu zuen-. OsteguneanUGTko ordezkari bakarrak, langileen batzordea aintzat hartu gabe, lan egindako urteko 20 eguneko kalte-ordaina jaso ordez 33 eguneko kalte-ordaina jasotzea hitzartu zuen enpresarekin, UGTko bost afiliaturentzat zein baldintza horiek onartzen dituzten kaleratuentzat. UGTk LABi «jarrera arduragabea» izatea leporatu zion.
LABek atzo erantzun zuen gatazkan zehar UGTko ordezkariak ez duela ezer ere egin, eta eurek egindako ahaleginaren fruituak jasotzea leporatu zion. «Hobe lukete euren buruei lore gutxiago bota, eta enplegua eustearen alde egin». Nafarroako Gobernuaren erabakia, berriz, «eskandaluzkoa» dela iritzi diote.
Gasteizen, Progedeko langileak kexu dira, enpresa biltegiak desegiten eta lana Azkar logistika enpresara eramaten ari delako. Converse, Avia, Keen eta No Excess marken banatzailea da Proged. Apirilean zortzi langile pasa ziren Progedetik Azkarrera, baldintza kaskarragoetan lan egitera. Enpresa batzordeak uste du gehiago izango direla.
Ingurumen baimenik gabe Inama itxi dezaketela ohartarazi dute langileek
Muxikako zurgintza enpresak 160 langile ditu, eta 600 lanpostu gehiago daude haren jardueraren mende
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu