Aurreko urteetan bezala, Hego Euskal Herriko gobernuek urtearen hasiera baliatu dute beren diru beharrak zorraren bidez estaltzeko. Espainiako Bankuaren arabera, bien artean 14.187 milioi zor zituzten 2017ko lehen hiruhilekoaren amaieran, 2016ko azkenekoan baino 768 milioi gehiago.
Horietatik 10.511 milioi dagozkio Eusko Jaurlaritzari, 553 milioi gehiago. Espainiako Bankuaren zenbaketa moduaren arabera —Espainiari gehiegizko defizita izateagatik irekitako prozedurarena—, Gasteizko gobernuak ez du inoiz hain zor handia izan. Gertu egon zen 2016ko bigarren hiruhilekoan, 10.450 milioirekin.
Dagoeneko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordinaren %15,1 zor du Jaurlaritzak. Horren gainetik dago Nafarroako Gobenrua, %19,1 zor baitu. Guztira 3.676 milioi zor ditu, 2016 amaieran baino 215 milioi gutxiago. Ez da inoizko kopururik handiena, ez kopuru osoetan —3.784 milioiren zorra izan zuen iazko bigarren hiruhilekoan—, ezta kopuru erlatiboetan ere —%20,2ra iritsi zen iaz—.
Kontrara, behera doa foru aldundien zorra: 3.151 milioiren zorra dute, aurreko hiruhilekoan baino 263 milioi gutxiago.2012ko mailan daude zorpetuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernuak.