Greba orokorra. Manifestazioak

«Inoiz ikusi gabeko jendetza» kaleetan

Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazioetan 100.000 lagun bildu dira, sindikatuen araberaHerriaren deia entzuteko eskatu diete sindikatu deitzaileek politikariei

ELA, LAB, ESK, EILAS, Hiru, CGT sindikatuek eta eragile sozialek deituta, atzo eguerdian egin zuten manifestazioa. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hamaika arrazoi zituzten langileek atzo kalera irteteko. Eta horrek bere neurriko erantzuna jaso zuen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin ziren manifestazio nagusietan. Sindikatuek emandako lehen datuen arabera, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean 100.000 pertsona inguruk babestu zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, EHNE eta Hiru sindikatuek eta eragile sozialek egindako deialdiak. «Greba orokorra izan da», Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan. Horretarako, «kalera begiratu» besterik ez zen egin behar.

Bilboko mobilizazioa izan zen lauretan garrantzitsuena, sindikatuetako ordezkari nagusiak han zeudelako. 25.000 eta 30.000 pertsona artean elkartu ziren, deitzaileen arabera. Lau auzotatik manifestazio bana irten zen goizean, eta denak Plaza Eliptikoan elkartu ziren, handik denak batera Jesusen Bihotzaren plazara joan ziren. Manifestazioaren burua helmugara iritsi zenean, ordea, azkenengoak oraindik abiatu gabe zeuden. Askok, gainera, ezin izan zuten bertaraino iritsi, elkargunean ez zelako inor gehiago kabitzen. Ondorioz, jendea diputazioaren eraikin pareraino iritsi zen. «Azken urteetan izandako handienetariko bat izan da», zioen manifestari batek.

Beste horrenbeste zioten Iruñean ere. Gaztelu plaza inoiz baino beteago egon zen atzoko manifestazioan, «inoiz ikusi gabeko jendetza», sindikatuetako ordezkarien esanetan. Hor ere 30.000pertsona inguru bildu zirela esan zuten deitzaileek. Gasteizen eta Donostian ere, kale eta plazak erreformaren aurkako oihu eta aldarriekin bete ziren.

Kaleak beteta eta langileak elkartuta ikusi ahal izan ziren atzo. «Lan erreformaren helburua langileak zatitzea da», Etxaideren esanetan. Baina era horretako «erasoari» aurre egiteko garaian, bat egitea hobetsi dute euskal sindikatuek, «denaren gainetik, arrazoi bat dagoelako: langileak garela». Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan, «frogatuta geratu da elkartuta asko garela eta handia dela elkarrekin egin dezakeguna». Beraz, orain arte krisiaren kontra egiten ari diren politika aldatzeko antolakuntza eta mobilizazioen bidearekin jarraitzea hobetsi dute.

«Herriaren deia entzun»

Grebak izandako erantzuna «entzutzeko» eskatu zien Muñozek politiariei. «Herriaren deiadarrari kasu egin eta euren eskaerak uler ditzatela eskatzen diegu». Horregatik, euskal klase politikoa subiranoa izatea beharrezkoa da. Horrek zer esan nahi du? «Sustrai sozialak dituen politikak egitea, interes sozialak lehenetsiz».

Eta une honetan ez da hori gertatzen ari. Etxaideren esanetan, «Espainiako aurrekontuak aurkeztuko dituzte bihar [gaur], eta demokrazia alde batera utziko dute». Horren ordez, «botinokrazia» gailentzen ari dela ohartarazi zuen, «gutxi batzuek dirua biltzen jarraitzeko». Hego Euskal Herriko diruaren %40 gizartearen %1en mende egonda, egoerak okertzen jarraituko duela esan zuen LABeko idazkari nagusiak. 1980ko hamarkadatik gaur egunera arte, esaterako, aberastasunaren banaketa %67tik %40ra jaitsi izana datu adierazgarria dela ere esan zuen.

Krisia, beraz, ekonomikoa izateaz gain, politikoa eta demokratikoa ere bada, Muñozen ustez. «Kapitalak oso bide estutik joanarazten du politika, eta honek men egiten dio». Beraz, duela urte batzuk «lortu gabekoa» eskuratu dute, eta «denek berdina egitea nahi dute, gainera». Ondorioz, kolore politikoak erabat lausotu egin direla salatu zuen. «Sozialdemokrazia hauteskundeetako ikur hutsa da, merkatua bakarrik baitaukate buruan».

Egoera horren aurrean, politika egiteko bi eredu jarri zituen Muñozek mahai gainean. Batetik, Greziakoa, non alderdi guztiek itun bat duten hauteskundeetan nahi dena esan ahal izateko, eta ondoren martxan dauden erreformak atzera ez botatzeko. Eta bestetik, Islandiako eredua dago, krisia eragin zutenak epaitegietara eramaten dituena. «Gurean ordea, lehenengo eredua dago indarrean».

Gobernuak «kapitalaren mandatuak betetzen ari dira», Muñozen esanetan. Baina une honetan hartzen ari diren murrizketa neurriak ez daude «justifikatuta» Hego Euskal Herrian. Izan ere, defizita %2,59koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,89koa Nafarroan. Zor publikoa bestetik, %7,9koa da Araban, Bizkaian etaGipuzkoan eta %11,1ekoa Nafarroan. «Presio fiskalaren aldea kontuan hartuz gero, murrizketak bidegabeak dira, eta ez da beharrezkoa. Ez dauka ez hanka ez buru», Muñozen esanetan. Horregatik, merkatuen eskaerei muzin egingo dien politikak eskatu zituen.

Erreformak, indargabetu

Martxan jartzen ari diren politikak ezarriz gero, «alternatibarik ez daukagula badakigu», Muñozen esanetan. Baina politika horien guztien aurrean beste bide batzuk daude sindikatuen arabera. Langabezia datuak hobetzeko, batetik, lan erreformak «porrot» egin beharra dauka, horregatik indargabetzeko eskaera egin zioten Espainiako Gobernuari. Aberastasun banaketaren beherako joerari aurre egiteko bestalde, langileen erosteko ahalmena hobetu beharra dago. Horretarako, «zerga politika progresiboa ezarri behar da, baita iruzur fiskalaren aurkako benetako borroka ere», sindikatu deitzaileen arabera.

Baina neurri horiek guztiak Euskal Herrian bertan erabakitzea ezinbestekoa da. Horregatik, lan harreman eta gizarte babeserako euskal esparrua lortzeko beharra azpimarratu zuten, «lan eta gizarte eskubideen aitorpenean aurrera egiteko». Edozein eratan, lorpen horiek aurrera eraman ahal izateko, eragile sindikal eta sozialen benetako «parte hartzeko eskubidea bermatzea» beharrezkoa baita. Gaur egungo egoeran, «botinokrazian, alegia, ez baitago inongo elkarrizketa sozialik», Etxaideren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.