Kamioia autogintza sektorerako osagaiz kargatuta, Rachida Bouaoudak eta haren bikote Marco Antonio Muñozek astero egin ohi dute Euskal Herria eta Alemania arteko joan-etorria. Garraiolariak dira, garraiolari autonomoak: Bouaouda duela 11 urte hasi zen; Muñoz, askoz ere lehenago. Bakoitza bere aldetik aurrena eta elkarrekin orain, Europako Batasunean barrena dozenaka mila kilometro eginak dira biak, eta ohituta daude errepideko gorabeherei aurre egiten. Aurtengo abuztuan gertatu zaiena, ordea, «surrealista» izan dela diote.
Abuztuaren 18a zen, osteguna,eta Alemaniatik bueltan zetozen. 23:00 aldera, Paris parean, gelditzeko agindu zien Frantziako Poliziak, okerreko bidetik zihoazelako. «Dokumentazio guztia eskatu ziguten, gurea eta ibilgailuarena, eta handik 45 bat minutura bi paper zati eman zizkidan polizietako batek», kontatu du Bouaoudak. «'Rachida Bouaouda: 3.750 euro' zioen batek; 'Marco Muñoz: 6.035 euro' besteak. Ikusi nituenean, ia bertan geratu nintzen». 9.780 euro ordaindu artean dokumentaziorik ez ziela itzuliko esan zieten poliziek.
Horrenbesteko isuna zergatik jarri zien galdetu bai, baina inork ez zien argibiderik eman. Uko egin zioten isuna ordaintzeari, eta kamioia hartu eta atzetik jarraitzeko agindu zieten poliziek. «Aparkaleku batera eman gintuzten, eta botata utzi gintuzten, ez ur, ez komun...». Hurrengo eguna argitzerako, polizia etxean ziren berriz informazio eske. «Isuna zergatik jarri ziguten jakin nahi genuen, zergatik eskatzen ziguten dirutza hori ordaintzeko», dio Bouaoudak. Baina handik ere bota egin zituzten.
Orduan, Espainiak Parisen duen kontsulatura joan ziren laguntza eske. Baina han ere ez zuten espero zuten traturik jaso. «Kontsulatuko gizarte gaietarako arduradunak hartu gintuen», azaldu du Muñozek. «Gertatzen zitzaiguna kontatu genion, eta berak, oso modu harroan, Frantzian Poliziak jarritako isunak ordaindu egin behar direla erantzun zigun. Egin zezaketen gauza bakarra etxerako bidaia ordaintzea zela. Guk ezetz esan genion, ez ginela kamioia han utzita bueltatuko, eta protesta gisa gose eta egarri greba hasiko genuela esan nion nik. Adinez nagusia nintzela erantzun zidan berak, hiltzen banintzen neure erantzukizuna zela».
Kontsulatuan eman zieten laguntzarekin ezer aurreratuko ez zutela ikusita, abokatu baten bila hasi ziren. «Interneten begiratu genuen, dei batzuk egin genituen... eta topatu genuen guri laguntzeko prest zegoen abokatu bat. Lanorduetatik kanpo eta zentimorik kobratu gabe egin zuen, gainera». Abokatu harekin joan ziren polizia etxera, eta orduan eman zizkieten isunen argibideak. «Okerreko bidetik joateagatik 35 euro, gidaria atsedenaldian dagoenean sakatu beharreko botoia sakatu ez genuen egun bakoitzeko 750 euro, takografoari azterketa pasatu ez geniolako.... Kopuruak bidegabeak ziren, hala esan zigun abokatuak ere».
Gose eta egarri greba hasi zuten orduan. Pare bat kartel prestatu eta polizia etxearen aurrean jarri ziren. Berehala hasi zitzaien jendea inguratzen. «Horrek ez zien batere graziarik egin poliziei, eta beste polizia etxe batera deitu zuten, gu atxilotzera etor zitezen eskatzeko», dio Bouaoudak. Beste polizia etxetik iritsitako poliziei gertatzen zitzaiena azaldu zietenean, haiek ere zur eta lur gelditu ziren. «Arduradunetako batek esan zigun protestaldia bertan behera utzi eta astelehenera arte itxaroteko. Bera arduratuko zela guztia konpontzeaz».
Halaxe izan zen. Ia hiru eguneko gose eta egarri grebaren ondoren, zentimorik ordaindu gabe itzuli zieten dokumentazioa. Etxera iristear zirela, ordea, Biriatun Ertzaintzak geratu zituen ohiko kontrola baterako. Garraiolari bikoteak Parisen gertatuaren berri eman zien ertzainei. Paper guztiak erakutsi zizkieten, «eta haiek ere erabat harrituta geratu ziren», dio Bouaoudak. «Konpromisoa hartu zuten Frantziako poliziek gurekin legez kanpo jokatu zuten ala ez ikertzeko».
Hilabete geroago, Parisen pasatutakoa «zorigaiztoko anekdota» gisa ikusten du bikoteak, baina ez dago gertatua ahazteko prest. Hiru sindikatuko abokatuarekin hitz egitekoak dira, zerbait egin dezaketen aztertzeko. «Gutxienez, galdu genituen lanegunegatik konpentsazioa jaso nahi genuke».
Inoizko egonaldirik txarrena Parisen
Frantziako Poliziak ia 10.000 euroko isuna jarri zien bi garraiolariri, zergatik zigortzen zituen azaldu ere egin gabe. Hiru eguneko gose eta egarri grebaren ostean, zentimorik ordaindu gabe alde egiten utzi zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu