Europako beste autogileetan fabrika itxierei buruzko zurrumurruak gero eta gertuago entzuten diren bitartean, beste hots bat entzuten da Volkswagenen egoitzan: diruarena. Kontinenteko auto ekoizle handienak iaz 15.800 milioi euro irabazi zituen, aurreko urtean halako bi. Negozio kopurua %25 handitu zen, 153.000 milioi eurora arte. Horietatik 17,5 milioi eurok bukatuko dute Martin Winterkorn enpresako buruzagi nagusiaren patrikan. 2010ean 9,3 milioi irabazi zituen.
Aurten beste hainbat sakeleratzeko moduan dago Winterkorn, VWek espero baitu Europako merkatuaren jaitsierari aurre egiteko moduan izango dela, beste merkatuetan salmentak handituko dituelako. Guztira, 8,3 milioi ibilgailu saldu ditu VWek, inoiz baino gehiago. General Motorsek ere urte ona izan du, AEBetan hura izan da auto gehien saldu duena. Baina VWek espero du lehen tokian izango dela 2018rako, hamar milioi ibilgailutik gora salduta. «Kopuru hori lor dezakegu», azaldu zuen atzo Winterkornek Wolsfburgeko egoitza nagusian (Alemania).
Inbertsio handiak aurten
Dagoeneko, VW taldearen autoak saltzen dira gehien Hego Amerikan, Txinan eta Europako Batasunean. Azken horretan hiru milioi auto saldu zituen iaz, aurreko urtean baino %7,5 gehiago. Salmentak oro har %1,7 jaitsi zirenez, VW taldearen merkatu kuotak bi puntu irabazi ditu 2011n: %21,2tik %23,2ra igaro da. Merkatu hori, batez ere, frantziarren eta japoniarren erorketari esker lortu du, Daimler eta BMW alemaniarrek ere gora egin dutelako.
Edonola ere, Asiara begira dago gero eta gehiago VW. Han egingo ditu aurtengo inbertsio handienak: guztira 62.400 milioi euro inbertituko ditu, eta horietatik 14.000 milioi izango dira Txinan. Beste inbertsio nagusia 40 modelo egiteko balioko duen MQB plataforma garatzekoa izango da. Inbertsio horien bidez, 50.000 milioi langile gehiago kontratuko dituela kalkulatu du.
Epe erdira ere Landabengo lantegian enpleguak sortzea ez da guztiz baztertu behar. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak otsailaren amaieran esan zuenez, VWeko zuzendaritza «aztertzen» ari da modelo berri bat Iruñeko fabrikara ekartzeko aukera. Erabaki hori aurten hartzea espero dute lantegiko arduradunek, baina ohartarazi dute ekoizpena ez litzatekeela 2016ra arte hasiko.
Gaur egun Polo modeloa ekoizten dute Landabenen. Euskal Herriko fabrikarik handiena da, eta 2011 amaieran 4.800 langile zituen. Uda partean ia 6.000 izatera iritsi zen —inoiz baino gehiago—, baina urteko azken hilabeteotan behin-behineko ehunka langile bota zituen VWek, espero ziren eskariak betetzen ez zirela ikusita. Ostiral honetan VWek langile gazteen formakuntza gunea zabalduko du.
Inoizko salmenta handienen ondoren, 17,5 milioi euro irabazi ditu VWeko buruak
Europako autogintzaren motelaldiak ez dio asko eragingo, eta aurten ere emaitzei eustea espero du Volkswagenek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu