Intel suspertzeko operazioa

AEBetako Gobernuak txip egilearen %10 bereganatuko du. AEBetako konpainia ezagun hori arrastaka dabil azken urteetan, Nvidiaren eta TSMCren mesedetan lidergoa galduta.

Intel txip konpainiaren logoa Frankfurteko azoka batean. Artxiboko irudia. FOCKE STRANGMANN / EFE
Intel txip konpainiaren logoa Frankfurteko azoka batean. Artxiboko irudia. FOCKE STRANGMANN / EFE
Irune Lasa.
2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump mehatxuka ibili da azkenaldian, txipen inportazioari muga zergak jarriko zizkiola. Adibidez, joan den astean esan zuen laster ezarriko direla muga zerga horiek, beharbada aste honetan bertan.

Azken buruan, helburua da AEBetan mikrotxipen ekoizpena bultzatzea, eta batez ere txipik aurreratuenena. Eta, beste batzuetan ez bezala, Trumpen gurari horrek badu logikarik. Eta ez da soilik pandemia osteak hornidura kateen hauskortasuna agerian utzi izanaren ondorio.

AEBek eta Txinak adimen artifizialaren arloan daukaten lasterketan —zeinetan funtsezko garrantzia duten aplikazio militarrek— txipik aurreratuenek garrantzi berezia dute, eta bi potentzientzat oinarrizkoa da ahalik eta menpekotasun apalena izatea halakoak ekoizteko.

AEBen ikuspuntutik, puntako txip horien diseinuan ari diren konpainia onenak, berez, AEBetakoak bertakoak dira, baina, erdieroaleak fabrikatzen dituzten enpresen artean, Taiwango TSMCrekin eta Koreako Samsungekin batera, AEBetako konpainia bakarra dago: Intel.

Konpainia horren inguruan, hain zuzen, bi albiste izan dira azken egun hauetan. Batetik, Trumpen administrazioak Intelen parte bat bereganatuko du. AEBetako Gobernuak Intelen akzioen %10 eskuratuko ditu —herenegun berretsi zuten akordioa bi aldeek—. Bestetik, Softbankek 2.000 milioi dolarreko apustua egin du AEBetako txip egilearen alde.

Intel, txipak fabrikatzeko prozesu guztiaz arduratzen denez, lanak izaten ari da lehiari eta berrikuntzari eusten, kostu handiei aurre egin behar baitie

Argitzeko dago, hori bai, Intelek Washingtondik jasotako laguntza guztiak operazioaren parte izango diren. Txip ekoizlea da Joe Bidenen administrazioaren Txipen Legearen (Chips Act) bidez diru gehien jaso duen konpainia, 10.900 milioi dolar inguru. Kreditu bereziak ere eskura ditu lege berez horri esker. Izan ere, Bidenekin hasi zen AEBetako Gobernua mugitzen bertako txip ekoizpena bultzatzeko eta Txinarena oztopatzeko, eta ez Trumpekin.

Gaur egun, Intel ez dago bere onenean. Munduan bi enpresa bakarrik daude txip berriak ikertu, diseinatu eta ekoizten dituztenak, hots, prozesu osoa egiten dutenak. Intel da bat, AEBetakoa, eta bestea Samsung, Koreakoa.

Prozesuaren parte bakoitzaren kostuak hainbestekoak dira, ezen txipen sektorean arrakasta duten konpainiak soilik parteetako bat egiten dutenak baitira. Nvidiak eta AMDk, adibidez, txipak diseinatzen dituzte, eta TSMCk fabrikatu baino ez ditu egiten.

SOUTH KOREA SAMSUNG
Samsung eta Intel dira txipen ekoizpen prozesu osoa egiten duten munduko konpainia bakarrak. YONHAP / EFE

Intel, txipak fabrikatzeko prozesu osoaz arduratzen denez, lanak izaten ari da lehiari eta berrikuntzari eusten, kostu handiei aurre egin behar baitie. Liderrak beste batzuk dira orain: diseinuan, AEBetako Nvidia eta AMD, eta fabrikazioan, Taiwango TSMC.

Lehiakideek alde handia ateratzen badiote, Intel bezeroak galduz joango da, eta enpresak modu bakarra du kostuei aurre egiteko: ahalik eta txip gehien erosiko dioten bezeroak izatea, ahalik eta handienak.

Gainera, Ohioko bere fabrika handiaren eraikuntza arrastaka darama. Berez aurten hasi behar zuten lantegi horretan txipak egiten, baina Intelek 2030era atzeratu du munduko txip fabrikarik handiena izan behar duen horren irekiera.

Txipen sektoreko inbertsioetako adituek zalantzak agertu dituzte, AEBetako Gobernuak Intelen parte hartzeak zenbateraino suspertu dezakeen konpainia. Haien arabera, agian gobernuak beste nolabait lagundu dezake; adibidez, presioa eginez Nvidiaren, Appleren, TSMCren eta Intelen arteko harremanak sortzeko. 

Softbank-en diru injekzioa

Adimen artifizialaren loraldiak mesede egingo al dio Inteli? Hori usteko du Japoniako Softbank bankuak. Izan ere, aste honetan jakinarazi du Intelen 2.000 milioi dolarren akzioak erosi dituela konpainiari bultzada bat emateko asmoz.

Japoniako bankuak jada baditu hainbat interes eta parte hartze adimen artifizialaren sektorean. Izan daiteke Softbankek Intelen inbertitu izana Trumpek begi onez ikus dezan eta salbuespen bat egin dezan muga zergen gaian.

TXINA, BERE TXIP INDUSTRIA BULTZATU NAHIAN 

Gaur-gaurkoz, adimen artifizialerako —eta erabilera militarrerako— txipik aurreratuenen ekoizpena AEBen esku dago. Eta, azken urteetan, Etxe Zuria lanean aritu da aurrerantzean ere hala izan dadin, batez ere Txinarekin hainbat teknologiatan duen lasterketari begira. 

Joe Bidenen administrazioa izan zen txip mota batzuen Txinarako esportazioak eteten lehena, 2023. urtean. Debekuari erantzunez, txip aurreratuenen AEBetako egileek —diseinatzaileek— gobernuaren baldintzak beteko zituzten erdieroaleak garatu zituzten, propio Txinan saltzeko. Nvidiak H20 txipa garatu zuen, eta AMDk, berriz, MI380 txipa. 

Baina Etxe Zurira iritsi eta gutxira, Donald Trumpek bi txip horientzako esportazio lizentziak emateari utzi zion, argudiatuta kontuan hartu behar zela Txinak zertarako erabil zitzakeen eta horrek segurtasun nazionalean nola eragin zezakeen. 

Kontua da abuztuan Nvidiari eta AMDri esportazio lizentziak ematen hasi dela berriz ere. Dirudienez, segurtasun nazionala ez, baizik eta txip horiek salduz atera dezakeen etekina lehenetsi du Etxe Zuriak: izan ere, Nvidiarekin eta AMDrekin «adostu» du txip horien salmenta guztien gaineko %15eko tasa AEBetako Gobernuarentzat izatea. 

Txinan, berriz, administrazioko erakunde batek baino gehiagok konpainiei eskatu diete AEBetako txip gutxiago erosteko. Jokaera horren atzean zera dago, Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariak uztailean esandakoek Pekinen piztutako haserrea: «Ez dizkiegu saltzen ez gure produkturik onenak, ez produkturik onenetan bigarrenak, ez produkturik onenetan hirugarrenak ere». 

Pekinek Txinako bertako txipen erosketak sustatu nahi ditu, jakina, bertako erdieroaleen industriari bultzada emateko eta atzerriko txipen menpeko izateari uzteko. Txina dirutza jartzen ari da horretan. 

Dena den, Alibabak, Byte Dancek eta Txinako halako erraldoiek oraingoz aukera gutxi dituzte Nvidiaren txipak ordezkatzeko, bai behintzat lehiakortasunari eutsi nahi badiote adimen artifizialaren arloan. Badirudi H20 eta MI380 txipen eskaria apaltzen hasi dela Txinan, baina erdieroaleen merkatuko analistek uste dute konpainiak Nvidiaren txip berriago baten zain daudela, posible baita  AEBetako gobernuak baimena ematea Nvidiak Txinarako propio diseinatutako Blackwell txiparen bertsio bat esportatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.