Moneta politika

Interes tasak %0,15era jaitsi ditu EBZk, eta bankuei 400.000 milioira arte utziko dizkie

Bankuek %0,10eko interesa ordaindu beharko dute dirua banku zentralean gordetzeagatik.  

EBZren egoitza nagusia, Frankfurten (Alemania), euroaren ikur batean islatuta. MAURITZ ANTIN / EFE
Iker Aranburu.
2014ko ekainaren 5a
08:00
Entzun

Merkatuek, Nazioarteko Diru Funtsak eta euroguneko gobernu gehienek eskatutakoa egin du Europako Banku Zentralak, eta hainbat neurri onartu ditu gaurko bileran inflazioa handitzeko, euroa ahultzeko eta horren guztiaren gainetik, susperraldi ahulari bultzada bat emateko. 

Interes tasa ofiziala %0,25etik %0,15era jaitsi du, gordailuengatik interes negatiboa ezarri du lehen aldiz (bankuek ordaindu beharko diote dirua gordetzeagatik) eta interes tasa marginala, premiazko maileguen truke ordaindu beharrekoa, %0,75etik %40ra gutxitu du.

Neurri horiek baino garrantzi handiagoa izango du LTRO izenekoak. Bankuei luzera begira finantzaketa bermatzeko eragiketak dira, likidezia izan dezaten herritarrei eta enpresei ematen dizkieten maileguak handitu ditzaten. Gaur indarrean jarritakoarekin 400.000 milioi euro arte lortu ahal izango dituzte bankuek. Ekonomia errealari ematen dizkioten maileguen %7ra arteko dirutza eskatu ahal izango diote banku zentralari. Lau urteko epean itzuli beharko dute.

LTRO batzuk egin izan ditu aurretik EBZk. Helburuetako bat kreditua suspertzea zen, baina finantza erakundeek nahiago izan dute balantzeak indartu herrialdeen zorra erosita. Oraingo honetan baldintza batzuk jarriko dizkio EBZk bankuei dirua maileguetara joan dadin: muga batetik beherako maileguak ematen dituztenek dirua itzuli beharko dute 2016ko irailerako (bi urte lehenago). Draghik ohartarazi die bankuei ez duela balio diru merke hori zor publikoa erostea baliatzeko, edo dagoeneko finantzaketa aldetik ongi dauden sektoreak gehiago finantzatzeko. 

Karta bat gordeta, QE

Ikusteko dago neurriek zer eragin duten. Interes tasa ofizialaren azken jaitsierak, azaroan, ez du eragin handirik izan bankuek eskatzen dituzten interesetan. Are gehiago, Euriborrak gora egin du EBZk interes tasa %0,5etik %0,25era jaitsi zuenetik; %0,552 markatu du gaur. Gordailuengatik interes tasa negatiboa jartzeak ere eraginkortasuna galdu du azkenaldian, zero interes ematen duenetik aukera hori gutxiago baliatzen dutelako bankuek. Azken egunotan, esaterako, 37.000 milioi izan dira EBZren gordailuetan. Banku zentralaren asmoa da diru hori hortik irtetea, eta bankuek mailegu gehiago emateko baliatzea. Danimarkako banku zentralak erabili zuen neurri hori 2012an eta 2013an, eta koroaren balioa txikitzeko balio izan zuen nagusiki.

Neurri horien funtzionatzen ez badute, beste bat hurrengorako gorde du Draghik, quantitative easing (QE) izenekoa. Hau da, bankuei aktiboak erostea diru gehiago izan dezaten maileguak emateko. Neurri horrek zalantza handiak eragiten ditu, batez ere Alemaniako belatzen artean. Baina Draghik zalantzak uxatu nahi izan ditu, eta onartzeko prest azaldu da. "[NEurriekin] Amaitu al dugu? Ez, ez dugu amaitu".

Azken hilabeteotan EBZri esku-hartzeko ezarri zaion presioa handitu da. Eurogunean ekonomiaren susperraldiak ez du indarrik hartu, inflazio tasa txikia luzatzeko arriskua dago, eta dolarrarekin alderatuz euroak duen truke indartsuak ez die esportazioei laguntzen. Euro indartsuak hainbat gobernuren kexu zuzena eragin du.

Inflazioa %2tik gertu baina azpitik mantentzea da EBZren helburu nagusia. Oraingoz, helburu horretatik oso urrun dago. Asteartean Eurostatek maiatzeko inflazioaren datu aurreratua argitaratu zuen. Hilabete horretan prezioak bi hamarren jaitsi ziren eurogunean, eta Kontsumo Prezioen Indizea %0,5ean geratu da. Inflazio txikia luzatzeak ekonomiari kalte egin diezaiokeela onartu du EBZk berak. Deflaziorik ikusten ez duen arren, inflazio txikiaren arrisku hori ez da berehala desagertuko, EBZk berak inflazio aurreikuspenak jaitsi egin dituela ikusita: aurten %0,7koa izango da (%1 zioen aurretik), %1,3 2015ean (%1,1), eta %1,5 2016an (%1,4). 

Kezka berriei aspaldiko bat gehitzen zaie. Hegoaldeko herrialdeetako enpresa txiki eta ertainei finantzazioa garestiago ateratzen zaie, esaterako, Alemaniarekin alderatuz. Euroguneko finantza sistemaren zatiketa hori buruhauste handia bihurtu da bankuarentzat. Hori borrokatzeko asmoz, bankuei luzera begirako finantzazioa erraztu zien EBZk. Haatik, kreditua eman beharrean, finantza erakundeek nahiago izan dute diru horrekin herrialdeetako zor publikoa erosi, interes handiagoei esker etekin gehiago izatea ahalbidetzen zielako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.