Erabaki berritzaileena ere ohikoa duen zuhurtasunez hartu zuen EBZk. Izan ere, ekainaren 4ko bilera arte ez du argitu nola erosiko duen zor pribatua, etanola finantzatuko duen erosketa. Ingalaterrako Bankuak eta AEBetako Erreserba Federalak lehenago eta bizkorrago jarri zituzten indarrean halako neurriak. Ingalaterrako Bankuak interes tasa ofizialak %0,5ean uztea erabaki zuen atzo, eta beste 50.000 milioi libera esterlina (56.000miliou euro) jarriko ditu zorra erosi eta finantza merkatuak biziberritzeko.
Ingalaterrako Bankuak batez ere zor publikoa erosi du. EBZk, berriz, nahiago izan du covered bond edo hipoteka agiriak deitutakoetatik hasi. Zor hori batik bat aurrezki kutxen bitartez jaulkitzen da, eta etxebizitza erosteko maileguen bermea dute. Hau da, zorra jaulki duena ordainduko ez balu, hipoteka maileguen bidez pagatu beharko luke zorra. Berme handiko bonoak dira, eta horregatik gehienek AAAko kalifikazioa dute. Hala ere, azken garaiotan hipoteka agirien merkatua lehortu egin da, etxebizitza sektoreko maileguetan sortutako arazoak direla eta.
Trichetek gezurtatu egin zuen zehazki bono horiek erosteko erabakia Alemaniari laguntzeko modua denik. «329 milioi lagunentzako merkatu bakarraren alde ari gara lanean», esan zuen, haserre samar. Izan ere, EBZren estatistiken arabera, Alemania da bono horiek gehien erabiltzen dituen herrialdea, eta haren atzetik datoz Frantzia eta Espainia. Alemaniako Gobernua Hypo Real Estate salbatu nahian dabil, hain zuzen ere hipoteka agiri gehien dituen bankuetako bat.
Azken igoera?
Beste bi ezohiko neurri ere hartu zituen atzo EBZk. Batetik, bankuei ematen dizkien maileguen gehieneko muga sei hilabetetik urtebetera luzatu zuen. Horrekin lortu nahi du epe luzeagoko finantzaketa iturri hori ere berreskuratzea bankuen artean. Bestetik, Europako Inbertsio Bankuari ere baimena eman dio bere likidezia operazioetan parte hartzeko, banku komertzialen baldintza berdinak betez gero.
Ikusteko dago interes tasak %1ean geratzen diren edo gehiago jaisten diren. Trichet entzun ondoren, analista gehienek ziurtatu zuten aldi baterako hor geratuko direla. Izan ere, aspaldiko partez, Trichetek ez zuen iradoki jaitsiera gehiago izango denik. «Ez dugu interes tasen mugari buruz hitz egin», erantzun zien behin eta berriro beste jaitsierarik egongo al den galdetu zioten kazetariei. Gainera, aipatu zuen aukeratutako tasa «egokia» zela une honetarako, eta ez du halako definiziorik erabili urrian interes tasak jaisten hasi zenetik.
Zantzu hobeak
Edonola ere, egoerak okerrera eginez gerojaitsiko dituela uste dute analistek. Alde horretatik, zantzu itxaropentsuak ikusi ditu Trichetek ere. Horien artean Alemaniako industriaren eskariek hobera egin dutela otsailetik martxora. Lehen aldia da abuztuaz geroztik igoera bat dagoela. Agian,joera aldaketa dagoela aitortu zuen arren, Trichetek gogorarazi zuen indize hori mailarik apalenean egonkortu dela. Izan ere, azken urtean %26,7 murriztu dira eskariak.
Urteko lehen hiru hileko «oso txarraren» ondoren, EBZko lehendakariak espero du bigarrena «ez hain txarra» izatea. Datozen asteotan berrikusiko ditu aurreikuspen datuak banku zentralak, eta azkenaldian jakinarazitakoen ildotik joango dira, hau da, aurretik iragarritako datuak baino okerragoak izango dira. Astearen hasieran Europako Batzordeak aurreratu zuen euroaren eremuko ekonomia %4 jaitsiko zela aurten.