Lehen aldien unea izan da AEBetako Erreserba Federalean, Fed-ean. Lehen aldiz apaldu ditu interes tasak 2008. urtetik, baina baita ere Jay Powell buru duenetik. Orduko hartan zeroan utzi zituen, lehertu berri zen finantza krisiari nola-hala erantzuteko. Oraingoan, ordea, egoera ez da inondik ere hain dramatikoa, eta horregatik mugimendu neurtua egin du AEBetako banku zentralak: 0,25 puntu jaitsi ditu, %2 eta %2,25 arteko tarte batera.
Jaitsierak ez du guztiz asebeteko Donald Trump AEBetako lehendakaria. Etxe Zuriko maizterren ohiko politika alde batera utzi eta presio egiten aritu da Erreserba Federalari, erakunde independentea dela ozen aldarrikatzea gogoko duen instituzioari. Trumpek behin eta berriro eskatu du interes tasen «jaitsiera handi bat», uste baitu oraingoekin AEBek desabantaila duela Europako Batasunarekiko eta Txinarekiko.
Fedek, baina, handira baino, nahiago izan du txikira jokatu, nahiz eta atera irekita utzi duen hurrengo hilabeteetan tasak gehiago jaisteko. Baina analisten eta Fed-eko kideen artean badira tasak egokiak direla uste dutenak —bi gobernadorek bozkatu zuten jaitsieraren aurka—. Izan ere, AEBetako datu makroekonomikoak txukunak dira: hazkundea moteltzen ari da, baina oraindik ere %2,1eko erritmoan hazi zen bigarren hiruhilekoan; langabezia tasa azken 50 urteetako txikiena da (%4); eta kontsumo pribatua sendoa da (%4,3).
Horren aurrean, tasak jaisteko arrazoien artean daude industriaren motelaldia —Trumpek berak abiatutako merkataritza gerrek sustatutakoa, bidenabar—, inbertsioaren amiltzea, inflazioa ez dela %2 desiratura iristen, eta, batez ere, ekonomiak okerrera egingo duen uste zabaldu bati aurrea hartzeko borondatea.