Finantzak

Interes tasari eutsi dio EBZk, baina ez du deflazio arriskurik ikusten

Egoera "konplexua" dela argudiatu du Draghik, eta inflazio txikiari aurre egiteko neurriak hartu baino lehen informazio gehiago behar dutela ziurtatu du.

Ivan Santamaria.
2014ko otsailaren 6a
16:51
Entzun

Aldaketarik ez EBZ Europako Banku Zentralaren moneta politikan. Interes tasari beste hilabete batez eutsiko dio banku zentralak: %0,25. Halaber, bankuei gordailuak jartzearen truke ezartzen zaien interesak %0 izaten jarraituko du. Diruaren prezioa azken aldiz joan den azaroan jaitsi zuen EBZk, %0,5etik %0,25era. Inoiz izan duen ehunekorik txikiena da.

Inflazio txikiari buruz azalpenak eman ditu Mario Draghi EBZko presidenteak, kontseilua Frankfurten (Alemania) bildu ondoren. Haren ustez, ez dago deflazio espiral batean erortzeko arriskurik, Japonian gertatu zen gisara. Hala, eurogunean azken hilabeteetan izan den inflazio txikia (%0,7 urtarrilean), erreskateak jaso dituzten herrialdeetan prezioek izan duten doikuntzari eta energia prezio apalei zor zaiola argudiatu du. Egoera "konplexua" dela nabarmendu du Draghik, eta, esku hartu baino lehen, informazio gehiago behar dutela ziurtatu du. Esaterako, martxoan bere aurreikuspen makroekonomikoak eguneratuko ditu EBZk, eta azterketa horretan lehen aldiz 2016 urterako kalkuluak aterako dira.

Edozein modutan, inflazioa hain baxua izateak "berez" arriskua baduela onartu du EBZko mandatariak. Besteak beste, eurogunean ematen ari den doikuntza prozesua "zaildu" egiten du, haren irudiko. Bestalde, gorabidean dauden herrialdeetako merkatuetan gertatzen ari diren arazoekin adi jarraituko du banku zentralak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.