Euroaren eremuko ekonomia azken hamarkadetako krisi sakonenean murgilduta ere, Europako Banku Zentrala ez da urtarrileko bileran Jean Claude Trichet presidenteak aurreratutako ildotik aldendu. Orduan iragarri zuen otsaileko bileran interes tasak %2an utziko zituztela, eta hala izan da. Orduan iradoki zuen martxoan berritasunak izango zirela, eta hala berretsi zuen atzo: «Ez dut baztertzen hurrengo bileran tasak jaistea». Jaitsi egingo dituela, alegia, %0,5 «ziur aski». Iragarpen horri esker oso litekeena da Euriborrak beherantz jarraitzea: atzo %2,223ra heldu zen, mailarik txikiena 2005eko irailaz geroztik.
EBZko Gobernu Kontseiluak atzo Frankfurten egindako bileraren ondoren, Trichetek aitortu egin zuen euroaren eremuko ekonomia gaizki dagoela eta okerrera egiteko itxura duela. «Finantza merkatuetako nahasmenduak are eragin handiagoa izan dezake ekonomia errealean; kezkatuta gaude presio protekzionistak agertzen ari direlako, eta desoreka globalak era nahasian zuzentzeak munduko ekonomian izan dezakeen kalteagatik».
Hala ere, ohartu zuen badirela zenbait zantzu positibo. Batetik, lehengaien merkatzeari esker familiek gastuei eta kontsumoari eutsi ahal izango diotela. Eta bestetik, estatistikek erakusten dutela atzeraldiaren erritmoa moteldu egin dela, «historikoki txikiak diren mailetan izan arren».
EBZren ohiko kezka nagusia, inflazioa, bigarren mailan geratu da. Lehen datuen arabera, urtarrilean %1,1era jaitsi zen prezioen igoera. Abenduan %1,6ko inflazioa zuten euroaren eremuko 15 estatuek. EBZren helburua da epe erdian %2an edo hortik pixka bat beherago izatea.
Interes tasak beherantz doaz beste herrialde batzuetan. Herenegun Norvegiako banku zentralak puntu erdiz jaitsi zituen, %2,5era. Atzo beste hainbat txikitu zituen Ingalaterrako Bankuak, %1eraino. Oso litekeena da hurrengo hilabeteotan Erresuma Batuan diruaren prezioa %0ra hurbiltzea, AEBetan bezalaxe. Eurogunean, ordea, ez da halakorik espero behar. «AEBetan ez bezala, euroaren eremuan ez dira egokiak %0ko interes tasak»,ohartu zuen atzo Trichetek.
Gobernu kontseiluaren lau bilera segidan zeraman EBZk diruaren prezioa merkatzen. Urriaren 8an hasi zen, %4,25etik %3,75era jaitsi zituenean, eta orduz geroztiko hiru bileretan tasa jaisten aritu da. Martxoan jaisten baditu, bere historia laburreko interes tasarik txikienak izango ditu EBZk. 2003an jaitsi zituen %2ra, eta hor egon ziren bi urte eta erdiz, 2005eko abendura arte.
Interes tasen jaitsiera martxoko bilerarako utzi du Europako Banku Zentralak
Eurogunearen egoera ekonomikoa txarra dela onartu du Trichetek, nahiz eta zantzu onak ere ikusi dituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu