Kreditu kooperatibak dira Ipar Kutxa eta Bankoa bankuko akziodun ia bakarra, Frantziako Credit Agricole. Haatik, Bankoaren eta Ipar Kutxaren arteko bateratzea gauzatzeko bidea ez da beste kooperatiba bat izango, sozietate anonimo bat baizik. Banku bat, azken finean. Bi erakundeetako arduradunek azaldu dutenez, bigarren graduko kooperatiba batean elkartzeko aukera aztertu izan dute, baina ez da posible izan. «Bi bazkideei gustatzen zitzaigun aukera hori, baina merkatua eta legea beste bide bate ndoaz. Hutsune eta zalantza gehiegi zeuden», Carlos Oses Ipar Kutxako zuzendariaren hitzetan.
Aliantza martxan jartzeko ituna izenpetu zuten atzo Gasteizen Jean Claude Rigaud Caisse Regionale de Credit Agricole Pyrenees Gascogneko presidenteak, Jean Clement Phillippe Bankoako lehendakariak, eta Juan Maria Orbe Ipar Kutxako presidenteak.
Banku berria eratzeko Bankoak honezkero duen fitxa erabiliko dute. Ez dute artean erabaki marka hori erabiltzen jarraituko duten edo ez. Bateratzea gauzatzeko bide orria prest daukate, ordea.
Lehenik eta behin, Ipar Kutxaren eta Bankoaren balioa zein den kalkulatu behar dute. Ondoren, Ipar Kutxak bere finantza negozioa Bankoara eskualdatuko du, kapital zabaltze baten bidez. Azkenik, kapitala handitzeko bigarren operazio bat beharko da Bankoak jarritako diru baliabideak Ipar Kutxakoekin parekatzeko, azken horrek bitarteko gehiago dituelako. Helburua bi bazkideek diru bera jartzea eta akzio kopuru bera izatea da.
Akzioetan parekideak izango badira ere, ez da gauza bera gertatuko eskubide politikoekin. Credit Agricolek banku berriaren lehendakaritza izango du, eta, horrekin batera, administrazio kontseilua nahiz batzar orokorra kontrolatuko ditu. Azken finean, Ipar Kutxa eta Bankoaren arteko aliantzak Credit Agricole taldearen bermea izango du, eta horregatik erabakiguneak bere esku geratzea hitzartu dute. Zuzendari nagusia eta administrazio kontseiluko lehendakariordea Ipar Kutxak izendatuko ditu.
Jabetza parekidea izanik Credit Agricoleren kontrol hori gauzatzeko moduak zalantza ugari piztu zituen aurkezpenean. Bide juridikoak badirela azaldu zuen Kepa Egiguren Bankoako kontseilari ordezkariak. Esaterako, akzio batzuk boto eskubiderik gabekoak izatea, edo lehendakariak kalitatezko botoa edukitzea.
«Borondatezko» aliantza
Elkartzeko erabakia «erabat borondatezkoa, eta ez finantza arazoek behartuta» izan dela argi utzi nahi izan zuten Ipar Kutxako eta Bankoako buruzagiek. Banku berriaren kaudimen maila, batez beste, %14 da, Espainiako Bankuak eta finantza betebehar berriek agintzen dutena baino nabarmen handiagoa.
Erakunde berriak 5.300 milioi euroko aktiboak izango ditu. Banku «txikia» izango direla onartu zuen Egigurenek, Credit Agricole atzean izateak euren baliabideen gainetik dauden finantza ekimenei eta arriskuei heltzea ahalbideratuko die. Lehendakaritza eta egoitza soziala Donostian egongo dira, eta zuzendaritza nagusia, Bilbon. Neutraltasun fiskala bermatuko dutela agindu dute. Era berean, bulegoetan eta zerbitzuetan bikoizketak egotea espero badute ere, esan dute adostu gabe inor ez dutela kaleratuko.
Ipar Kutxak eta Bankoak banku batean egituratuko dute negozioa
Lehendakaritza Credit Agricolek izango du, eta egoitza Donostian egongo da; Ipar Kutxa zuzendaritzaz arduratuko da, BilbonNeutraltasun fiskala agindu dute, eta adostu gabe ez dela inor kaleratuko ziurtatu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu