Ipar Kutxak eta Bankoak bat egingo dute, sendotasunari eutsi eta lehiatu ahal izateko

Elkartuta ere, inguruko finantza erakundeak baino txikiagoak izango dira, baina beren diru kontuen egoera oso ona daArduradunek gaur aurkeztuko dituzte elkartzeko egitasmoaren xehetasunak

Carlos Oses Ipar Kutxako zuzendaria, aurtengo batzar nagusian, Bilbon. BERRIA.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Txikiak dira, erakunde handiagoentzat eskuragarriak, baina oraingoz biek elkartzea erabaki dute: Ipar Kutxa eta Bankoa. Kreditu kooperatiba bata, bankua bestea. Bi hilabeteko negoziazioen ostean bat egiteko aurreakordioa lortu dute eta gaur aurkeztuko dute komunikabideen aurrean, Gasteizen.

Besteak beste, argitu egin beharko dute zer nolako bidea hautatu duten bi erakundeek bat egiteko: hotza, beroa edo tartekoa. «Ezaugarri berritzaileak» izango dituela esan diete Ipar Kutxako iturriek Efe agentziari. Egia da Bankoa bankua dela, baina kreditu kooperatiba baten esku dago, Credit Agricole frantsesak kontrolatzen baitu kapitalaren %99,64.

Carlos Oses Ipar Kutxako zuzendariak apirilaren amaieran BERRIAri esan zion finantza erakundeen mugimenduak ikusita, ezin zutela «irla bat» izan, ezin zutela geldirik egon. Presarik gabe kreditu kooperatibetan, rural kutxetan eta inguruan sortzen ari ziren aukerak aztertzen ari zirela, beste finantza erakunde baterekin bat egiteko. Baldintza nagusi bat jarrita: «Gure proiektuak aurrera egin ahal izatea, ez dugu nahi gu desagertzea eragingo lukeen bateratzerik», esan zuen Osesek. Bat eginez gero, eraginkortasuna, kaudimena eta likidezia hobetzeko izan behar zuela gehitu zuen.

Ipar Kutxak Espainiako rural kutxekin bat-egite hotza egiteko aukera aztertu zuen, baina azkenean egitasmoa bertan behera utzi zuen, «mugatua» zelako eta Espainiako Bankuak ez zuelako onartuko.

Ipar Kutxak eta Bankoak elkar ezagutzen dute. Duela hamalau urte Ipar Kutxa Bankoako akzioduna izan zen, eta bankoa eskuratzen saiatu zen; baina Credit Agricolek bereganatu zuen, erosteko eskaintza publiko baten bidez. Credite Agricoleren Caisse Regionale Pyrenees Gascogne-k egin zuen eskaintza.

Elkartuta ere, txiki izaten jarraituko dute, inguruan dituzten finantza erakundeekin alderatuta. Iazko urte amaierako datuak aintzat hartuta, ia 5.300 milioi euro izango dituzte aktiboetan, Ipar Kutxaren 3.566 milioi euro eta Bankoaren 1.731 milioi euro. Kopuru horiek urrun daude Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek dituztenetatik: Vital Kutxaren aktiboak 8.643 milioi eurokoak dira, Kutxarenak 20.906koak eta BBKrenak 48.739koak —CajaSurrenak ere aintzat hartuta—.

Bat egiteak finantza merkatuetan dirua errazago lortzea ahalbidetuko die. Are gehiago Credit Agricoleren babesa badute. Gainerako erakundeekin lehiatzeko orain baino indar gehiago ere edukiko dute. «Finantza sektorean gero eta lehiakide gutxiago dauden arren, lehiakortasuna gero eta handiagoa da», nabarmendu zuen Osesek Ipar Kutxaren batzar nagusian, apirilaren 2an. Lehia horren erakuslea da finantza erakundeek likidezia lortzeko hasi duten pasiboaren gerra.

Txikiak dira, baina diru kontu orekatuak dituzte eta, inguruko finantza erakunde gehienek ez bezala, irabaziak handitu dituzte azken urteetan. Biek gainditzen dute Espainiako Bankuak eskatutako %8ko kaudimen maila:Ipar Kutxak %13,44ko oinarrizko kapitala (core kapitala) dauka, eta Bankoak %10,42koa. Oinarrizko kapitalak finantza erakunde batek zorrei aurre egiteko duen indarra neurtzen du.

Ipar Kutxaren kasuan inbertsio guztien %5,8 izan daitezke arriskutsuak, «eta horiek eragin dezaketen galera guztia babestuta dago». Bere berankortasun tasa %3,77koa da, sektoreko batez bestekoa baino apalagoa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Guztira 135 bulego eta 677 langile izango dituzte. Ipar Kutxak Araban eta Bizkaian ditu bulego gehienak; Bankoak, berriz, Gipuzkoan. Izan ere, Arabako eta Bizkaiko rural kutxek bat eginda sortu zen Ipar Kutxa. Bankoa 1957an sortu zenean Gipuzkoako Banku Industriala izan zen.

Jatorrizko lurraldeetan zabalkunde handia izan dute, baina txikia lurralde horietatik kanpo. Hala ere, zenbait herri eta hiritan bien bulegoak daude. Ipar Kutxak bost bulego ditu Gipuzkoan, eta Bankoak hamaika Bizkaian eta hiru Araban.

Ipar Kutxaren eta Bankoaren bat egiteko asmoak aurrera egiten badu, BBVA aintzat hartu gabe, Euskadiko Kutxa eta Nafarroako Rural Kutxa izango dira oraingoz bat egiteko prozesuren batean sartuta ez dauden Hego Euskal Herriko finantza erakunde bakarrak: BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak bidea hasi dute; Nafarroako Kutxa Banca Civican sartu da; eta Sabadell bankuak Guipuzcoano bereganatu du. Nafarroako Rural Kutxak saiakera bat egin zuen, baina Espainiako Bankuak baztertu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.