Ipar Euskal Herriak erabaki gune propioak behar ditu, eta horien lortzearen alde ariko da lanean LAB. Hala nola Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi mailako Kontseilu ekonomiko sozial eta ingurumen arlokoa, baita negoziaziorako esparru propioa aldarrikatzen ariko da sindikatua. Hain zuzen, gaur egun Frantzia mailako egituraketaren baitan «itoak» izaki, «Ipar Euskal Herriaren interesen aurka doazen»erabakiak hartuak direla salatu zuen atzo Amaia Fontang LABeko ordezkariak.
Bi eskakizun horiek aurkeztu zituzten atzo Dominika Dagerre, Eñaut Aramendi eta Amaia Fontangek, Baionan egin prentsaurrekoan. Egoera sozioekonomikoaz egindako hausnarketaren berri eman zuten orduan, datozen urteetarako estrategiak azalduz. LABk uste du indar metaketaren bidez lortuko direla eskakizun horiek. «Eragile sozioekonomiko guztiok elkartu behar dugu, Frantzia behartzeko Ipar Euskal Herria gune sozioekonomiko gisa aitortzera», Fontangen hitzetan. Horretarako Bertan Eraiki deituriko dinamika abiatuko dute.
Hainbat herritar eta eragile ikustera joatekoak dira. Enpresa txikietan urte bukaeran egingo diren hauteskundeei begira eraman lanean ere mezu hori helaraziko dutela jakinarazi zuen Aramendik.
Mezu zabala eta bateratua
Krisia dela medio langileen aurkako neurriak biderkatuz doazela ikusiz, egoera ez delako hobetuko aurreikusten dute. Hori dela eta, «erasoen aurkako mugimendu zabal eta bateratu» bat beharrezkoa dela diote. Beste sindikatuekin lan egiteko nahikeria berretsi zuen Aramendik.
Horrez gain, Euskal Herriak bizi duen aro politiko berria ere aipatu zuten, argi utziz gatazkaren konponketaren alde «bere harria ekarriko» duela LABk. Lurralde berrantolaketa dela eta, Ipar Euskal Herriaren onarpenaren aldeko mezua ere egin zuten.
Iparraldeak egitura propioak lortzearen alde ariko da LAB
Negoziaziorako esparru propioa eta Kontseilu sozioekonomiko bat lortzearen alde ariko da lanean sindikatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu