Lan harremanak. Confebasken proposamena

Irabazien araberako soldatak nahi dituela berretsi du Confebaskek

Enpresariei «gardentasun handiagoa» eskatu die Roberto Larrañagak, beharginak enpresarekin identifikatuko direlakoan. «Sokatira utzi eta traineruan hasi» nahi duela esan du patronalak

Patronaleko arduradunek Arantza Tapia sailburuaren babesa jaso zuten atzoko ekitaldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Denbora da Confebask lan harremanetarako eredu berria eskatzen ari zela. Azaroan mahai sozialera eraman zuen proposamena, eta saio hark sindikatu denen kritika eta salaketak eragin zituen. Urte erdi geroago, izpiritu bera duen eredu bat aurkeztu du berriz Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak. Oraingoan, baina, babestuago sentitu da. Confebaskeko presidentea oholtza gainera igo zenean atzo, Adegi, Cebek eta SEAko buruak begira zituen, baita Arantza Tapia Jaurlaritzako Lehiakortasun sailburua ere, eta enpresetako 400 ordezkari inguru.

Guztien aurrean esan zuen sindikatuei susmo txarra eragin zien eredu berriaren oinarrian hori bera dagoela: enpresarien eta langileen artean susmo txarrak uxatu nahia. «Enpresarien eta langileen arteko lan harreman berria elkarren arteko konfiantzan oinarritu behar da. Bien arteko harremana egungo egoerara berritu ezean ez baitugu aurrera egingo». Beste era batera esanda, «sokatiran» aritzeari utzi eta elkarrekin «arraun egiten» hasi behar dela. Baina zaila dirudi mahai gainean jarritako proposamenak langileen babesa jasotzeak. «Saihestu ezin den bidegurutze batean» daudela esanda ere, zaila izango du eredu horrek sindikatuen inolako babesik topatzea.

Enpresa barruan «egin behar diren» aldaketa horiek arrazoitzeko, atzerrira begira jarri zen Confebaskeko presidentea. «Enpresek iraun nahi baldin badugu, ekoizpen hobea eduki behar dugu kanpora begira, eta lan egiteko beste modu bat langileen artean». Bezeroa «jaun eta jabe» denez, egiten dituen eskaerei «ahalik eta azkarrena» erantzuteko gaitasuna behar dela esan zuen. Ezegonkortasun garaietan are garrantzitsuagoa dela gaineratu zuen. «Gaur egun ezer ziurra baldin bada, hori ezegonkortasuna da», Larrañagaren hitzetan. Egoera horri aurre egiteko, lantegietan «azkartasuna, berrikuntza eta malgutasuna» beharrezkoa izango dela azaldu zuen. «Eta hori bateraezina da sindikatu batzuek konfrontaziorako daukaten joerarekin». Horregatik, lantegiak ika-miken erdigune izateari utzi eta elkarlanean aritzeko esparru bihurtu behar duela erantsi zuen. «Horrela egin ezean, nekez iraungo du enpresak».

Baina horretarako ezinbesteko baldintza lortu behar da: langileek enpresaren parte sentitzea. «Enpresa proiektu komun moduan ulertzen hasi behar dugu, ez enpresariaren gauza gisa soilik». Behin mugarri horretara iritsita, enpresariek euren aldetik lan egin behar dutela esan zuen Larrañagak. «Langileen konfiantza lortu behar dugu, eta, horretarako, haiek ere kudeaketaren parte direla sentitu behar dute». Gardentasunaz hitz egin zuen momentu horretan, enpresen zuzendaritzetako kideek langileei euren kontuen berri ematea proposatu zuen. Era horretan, proiektuarekin bat egiten dutela sentituko dute langileek, Larrañagaren ustez, eta «elkarrekin arraunean» egiten hasteko abiapuntu gisa hartu zuen oinarri hori.

«Ordainsari justua»

Langileek enpresaren irabazien araberako soldatak jasotzea; patronalak azaroan aurkeztutako proposamenean zeresan handia eman zuten aldagaietako bat izan zen hori, eta atzo nahi hori berretsi zuen enpresarien buruak. Hain zuzen ere, langileek kudeaketan izan dezaketen parte hartzearen ondorioz, «enpleguari egonkortasuna emango zaio, eta ordainsari justua» izango dela uste du. Betiere emaitzei lotuta eta egindako lanaren araberakoa izango litzateke ordainsari hori.

Eredu horrek, hala ere, ez du talkarik egiten sektore mailako itunekin, patronaleko arduradunen arabera. Horrek ez du esan nahi, ordea, patronalak orain arteko negoziazio kolektiboa babesten duela. Eduardo Aretxaga patronaleko zuzendari nagusiak proposamenaren xehetasunak aurkeztu zituen. «Sektoreak dagoeneko ez dauka enpresa mailako itunak baino garrantzi handiagoa, orain enpresa arloa geratu baita lehentasunezko esparru gisa. Dagoeneko ez du balio kafea denontzat arauaren barruan negoziatzeak, ezta hamarkadetarako itunak bilatzeak ere».

Merkatuen ezegonkortasunak malgutasun handiagoa eskatzen duela esan zuen Aretxagak, «ez baitira langileen lan baldintzak bakarrik arautu behar, baita enpresen lehiakortasuna ere». Horregatik, enpresa bakoitzak bere lan harremanetarako eredua bilatzea defendatu zuen. Alegia, nahiz eta hitzarmen sektoriala egon, enpresa bakoitzak bere arauak jartzea nahi du Confebaskek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.