Irailaren 29ko grebarekin ere bat egiteko eskatu dio UGTk ELAri

Patxi Lopezek uste du herritar gehienek «bizkarra» eman ziotela astearteko greba deialdiari

Erredakzioa
Donostia
2010eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Astearteko greba orokorra igarota, irailaren 29rako deitutakoaren atzerako kontua hasi da. Oraingoz, CCOOk eta UGTk baizik ez dute lanuztera deitzen, baina ELAri ere berdin egiteko eskatu zion atzo Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak.

Greba horri begira egindako lehen mobilizazioan, atzo Bilbon, Casadok oroitarazi zuen Europako Sindikatuen Konfederazioak irailaren 29rako deitu zuela protesta eguna kontinente osoan. Bilera horretan izan zen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia ere, eta Casadoren arabera, protestaren alde egin zuen.

Casadoren arabera, sindikatuen batasuna «Espainia osoan da beharrezkoa, baita Euskadin ere», baldin eta Madrilgo gobernuak abian jarri dituen erreformak geratu nahi badituzte. UGTko buruak hitz gogorrak izan ditu lan merkatuaren erreformaren alde azaldu diren politikoen aurka, eta bereziki, sindikatu bateko kide direnen aurka. Casadoren ustez, erreformaren aldeko botoa eman duten diputatuek sindikatuak utzi beharko lituzkete». Ordezkari politikoei eskatu die banan-banan esateko «langileen lan eskubideen murrizketaren alde ote dauden», eta, ez badaude, «ezezkoa eman beharko lukete edo dimisioa eman». UGTko kide da, esaterako, Jose Luis Rodriguez Zapatero.

Asteartean grebara deitu zuen Euskadiko CCOOk, eta emaitza«garrantzi handikoa» dela esan zuen atzo Unai Sordo sindikatu horretako idazkari nagusiak, ETBn. Industrian eta garraioan erantzun zabala izan zuela zehaztu du Sordok, baina langile publikoen artean «agian» erantzun txikia izan dela uste du. Sordoren arabera, protestekin jarraitu egin behar da. «Mobilizazio mugimendu jarraitua egin behar da, irailaren 29rako Espainiako Estatu osoan egingo den greba orokor handira eramango gaituena; horrela geratuahal izango dira herritarren eskubideen aurkako erasoak».

Porrota ikusi du Lopezek

CCOOko buruak uste du Espainiako Gobernuaren «nora eza» beste administrazioetara ere hedatu dela, eta grebaren erantzuna kontuan hartzeko eskatu dio Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Sordorenaz oso bestelako interpretazio egin du Lopezek. «Herritar gehienek bizkarra eman zioten grebari», adierazi zuen atzo, Punto Radion. Lopezen arabera, «gehiegizkoa da urtebetean lau greba egitea, lanuzteetarako egokia ez den egoera batean». Haren iritziz, «grebara deitzeko eskubidea ez litzateke hainbesteko arinkeriaz» erabili beharko, «sindikatuen tresna esanguratsuena baita».

Sindikatuetatik hurbilago azaldu da Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea, Radio Euskadin. Haren ustez, grebak «pertsonen kontzientziak astindu» ditu, eta horretan ez geratzeko eskatu du, «konpontzeke dauden arazoak ditugulako eta haiei ematen ari zaien erantzuna egokia ez delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.