Lehengo astean Ampo enpresak utzi zuen Mondragon korporazioa (MCCren izen berria), eta gaur eguerdian Irizar Ormaiztegiko (Gipuzkoa) kooperatibak utzi du, batzarrean. Langileen %75ek korporaziotik irtetearen alde bozkatu dute. Kontseilu Errektoreak egin du proposamena. Autobusak egiten dituzte Irizarren.
"Irizarren bertako pertsona guztiak dira etorkizuneko benetako protagonistak, erabakitzeko gaitasuna baitute", adierazi du gaur enpresak prentsa ohar batean, eta eredu horrekin segitu nahi dutela. Mondragonekin desadostasunak "kudeaketari buruzkoak" izan dira; "ez dago besterik".
Ampo kooperatibako bazkideen kasuan, %85ek babestu zuten Mondragonetik ateratzeko erabakia, joan den ostiralean egindako batzarrean.
Jose Maria Aldekoa korporazioko lehendakariak ez du uste Mondragon taldea krisian dagoenik horregatik, aste honetan esan duen bezala. "Taldeko beste kideak baturik sentitzen gara, eta XXI. mendeko kooperatibismoa eraikitzeko elementuak partekatzen ditugu".
Horren haritik, bi enpresek korporazioa uzteko "askatasun guztia" dutela onartu du Aldekoak, eta "begirune osoa" adierazi die. Prozesua, gainera, barne araudiari jarraituz egin dela nabarmendu zuen, gardentasun osoz.
Gaur egun, Mondragon taldearen salmenta guztietatik %3,6 dira Ampo eta Irizar, eta Industria atalekoetatik, %7.
Bi kooperatiba horiek hasieratik estatus berezia izan dute taldearen baitan. Ampok eta Irizarrek, Urolarekin batera, 'Goikide' izeneko atala osatu dute, Saratxagaren ideietan oinarritutako agintaritza sistemak martxan zituztelako. Urola da, oraingoz, ateratzeko asmoa azaldu ez duen bakarra, baina erabaki hori hartzeko libre dela adierazi zuen Aldekoak. Mondragonen baitan jarraitzeko asmoa balu, beste atal batean kokatu beharko litzateke.
Ekonomia
Irizar kooperatibak ere Mondragon korporazioa utzi du
Langileen %75etik irtetearen alde bozkatu dute gaurko batzarrean. Euren kudeaketa propioa defenditzen dute. Lehengo astean Ampok laga zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu