Irlandako Gobernua, ituna aldatzearen alde eta aurka

Dublinen ahalegin fiskala ontzat hartu du Troikak, eta diru gehiago ematen jarraituko du

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Zerga ituna aldatzeari buruzko eztabaidak sentimendu kontrajarriak eragiten ditu Irlandako Gobernuan. Batetik, ongi ikusiko luke neurritasuna zertxobait arintzea, azken urteotan hartutako murrizketen bideak kalte handia egin dielako irlandarren bizi-baldintzei. Baina, bestetik, zerga itunari buruz maiatzaren 31n egitekoa den erreferendumaren kanpainan buru-belarri sartuta dabil, eta egoera zailean uzten du geroago hobetu behar den testu baten aldeko botoa eskatu behar izateak.

Irlandak garrantzi handia du neurritasunaren bultzatzaileentzat, erreskatea jaso dutenen artean hura baitago sendagaiari bizkorrago erantzuteko moduan. Orain arteko emaitzekin pozik agertu dira Europako Banku Zentrala, Europako Batasuna eta Nazioarteko Diru Funtsa. Troika, alegia. Irlandak erreskate planaren seigarren azterketa gainditu egin duela ziurtatu zuen atzo, nahiz eta oraindik «erronka nabarmenak» dituen. «Merkatuek gero eta konfiantza handiagoa dute Irlandan», dio.

%9,4ko defizita iaz

Troikak nabarmendu du Dublinek «aise» gainditu dituela jarri zitzaizkion indize makroekonomikoak. Horien artean, defizit publikoa BPGren %10,6tik behera uztea; %9,4koa izan da. Troikak ontzat hartu du Irlandako Gobernuaren defizitaren interpretazioa. Eurostatek, berriz, defizit gisa zenbatu du Dublinek Irish Life eta AIB bankuei emandako 5.800 milioi euroko kapitala. Horrekin, defizita %13,1an legoke.

Troikak iragarri du aurten defizita %8,6an utziko duela Irlandak, baina muga hori jarri zuenean ekonomia %1,3 haztea espero zuen, eta orain %0,5 soilik.

Defizita jaistearren, gastuak murriztu ditu Dublinek, milaka langile publiko kalean utzi eta zergak igo. Neurriok kalte egin diote enpleguari: langabezia hirukoiztu egin da krisia hasi zenetik —%4,6koa zen 2007an eta %14,4koa 2011n—, eta milaka lagunek emigratu egin dute.

Kontuak orekatzeko beste neurri bat ondasun publikoak saltzea da. Aurten 3.000 milioi lortu nahi ditu horrela. Diru horren herena «enplegua eta lanpostuak sostengatzeko» baimena zuen Dublinek, baina kopuru hori handitu dio Troikak. Irlandako eragile ekonomikoen aspaldiko eskaera da hori, eta erreferendumean baiezkoa ziurtatzeko neurritzat jo dute. Neurri gogorragoak, berriz, erreferendumaren osterako espero dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.