IRPHak Kaltetutakoen Elkarteko kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietatik kanporatu ditu Lohitzune Txarola erakunde horretako presidenteak (Bildu), batzarkideak iraintzeagatik.
Eferen arabera, plataforma horretako kideek Kutxabanken aurkako pankarta batekin eman dute prentsaurrea Batzar Nagusietan bertan, eta EAJ, PSE eta PPko taldeei «lapur» deitzen zien beste bat kanpoan utzi dute. Batzarkide sozialistek protesta egin dute, eta Araudia, Instituzioak eta Gobernu batzordearen bilerara ez agertzea erabaki dute. Batzorde horrek hipoteken auzia jorratu behar zuen, hain zuzen ere, PSEren hiru galderaren ondorioz. Baina sozialistak ez zeudenez, batzordeak ez du gaia jorratu, eta IRPHaren aurkakoen haserrea piztu da. Efek dioenez, batzarkideen «lapur» eta «lotsagabe» deitzen hasi dira, eta esku-orriak bota dituzte. Une horretan bota ditu aretotik Txarolak, eta trabarik egin gabe egin dute alde.
Plataformako kideek salatu dute EAJk eta PSEk jendaurrean babesa ematen dietela, baina gero ez dutela ezer egiten Kutxabankeko administrazio kontseiluan indize hori ezabatzeko. IRPH indizeak (hiru daude) azaroaren 1ean ordezkatuko ditu Espainiako Gobernuak.