Ahate ekoizle bat zendu zen atzo Irulegin (Nafarroa Beherea) gertatutako lan istripu batean. Ahateentzako janari biltegia garbitzen ari zen istripua gertatu zenean. Ahateentzako irina gainera erori zitzaion, eta irinetan itota hil zen. Hildako gizonak 33 urte zituen.
Lan istripuari buruzko informazio nahasiak zabaldu ziren ezbeharraren ostean: iturri batzuen arabera, ahate ekoizlea janari biltegiaren barruan ari zen lanean; beste iturri batzuen esanetan, ordea, gizona biltegia traktorearekin garbitzen ari zela, traktoreak biltegia jo zuen, ireki egin zen, eta orduan irina gainera erori zitzaion.
13:30 aldera gertatu zen lan istripua. Ahate ekoizlearen aitak eta auzoak aurkitu zuten gorputza. Baionako larrialdi zerbitzuak, Baigorriko suhiltzaileak eta jendarmeak joan ziren Irulegiko etxaldera, baina hara joandako medikuak baieztatu zuen gizona hilda zegoela. Donibane Garaziko jendarmeek ikerketa abiatu dute, gertatutakoa argitzeko.
Aurten Euskal Herrian hildako 63. langilea da, LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera (http://www.labsindikatua.org/sarrera/ekintza/alda/albiste_eu/00alb): Gipuzkoan 23 langile hil dira, Bizkaian hemeretzi, Nafarroan hamaika, Araban zazpi, Lapurdin bi eta Nafarroa Beherean bat.
Aurten 62, iaz 84
Urtea amaitzeko lau egunen faltan, aurten lan istripuetan hildako langileen kopurua iazkoa baino nabarmen apalagoa da, iaz 84 izan baitziren, betiere LABen zenbaketaren arabera.
Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru) salatu izan du ez direla hiltzen langile gutxiago enpresauruek segurtasun neurriak hobetzeagatik, baizik eta neurri handi batean krisiaren ondorioz jarduera ekonomikoa apaldu delako. Sindikatuen esanetan, lan segurtasuneko egiturazko arazoak konpondu gabe daude.
Irulegiko ahate ekoizle bat zendu da, lan istripuz
Ahateentzako irinaren biltegia garbitzen ari zela, irina gainera erori zaio, eta itota hil da 33 urteko gizona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu