Ekarpenak

Iruzurrik ez dutela egin esan dute Eroskik eta Fagorrek

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dute Eroskiko eta Fagorreko ordezkariek finantza ekarpenen auziaren harira. Kezkatuta azaldu dira, baina ez dute irtenbide berririk proposatu. 

Iker Aranburu.
2013ko ekainaren 12a
18:39
Entzun

Ekarpenen auzian okerrik egin izana baztertu dute Eroskiko eta Fagorreko ordezkariek Eusko Legebiltzarrean, baina ez dute bitartekaritza ez den beste irtenbiderik proposatu beren inbertsioa berreskuratu nahi dutela diotenen eskaerari erantzuteko.  

Eroskiko ordezkariek onartu dute aferak kalte egiten diela. «Ez dugu egoera gustuko. Guregan konfiantza izan zuten pertsonek arazoak dituztelako. Egoera horrek kezkatzen gaitu, eta konpondu nahi dugu».

Bitartekaritzaren alde egin dute bi kooperatibetako kideek, eta ontzat jo dute Eusko Legebiltzarrak horretarako otsailean aukeratu zuen bidea: Kontsumobidera jotzea. Bitartekaritza hori auzitan jarri du Belen Greaves kontsumo institutuko arduradunaren dimisioak, elkarrizketa batean kooperatibek «dena ongi egin dute» esan zuelako. Kontsumobideren bidea sostengatu zuen taldeetako batek, EH Bilduk, babesa kendu dio horregatik.

Eroskiko ordezkariek sutsuki baztertu dute inor engainatu izana: «Guk ez diogu inori iruzur egin. Ez da produktu toxiko bat, zor titulu batzuen antza dute ekarpenek. Konplexutasun bakarra da bost urteko epean Eroskik ekarpena erosteko aukera duela». Eroski gardena izan dela eta ekarpenei buruzko informazio guztia jakinarazi zuela gaineratu dute. Gainera, gogorarazi dute Eroskik ez zituela ekarpenak saldu, eta eginbehar hori «ospe handiko finantza erakundeen esku» utzi zutela. Ildo horretatik mintzatu da Fagorreko ordezkaria ere: "Ez gara salmentetan egon, ez dakigu zuzenak izan ziren ala ez. Ez badute legea bete, horrengatik erantzun beharko dute. Ez dakigu informazioa osoa izan ote zen".

Eroskik eta Fagorrek esan dute Kaltetuak plataformarekin bildu zirela, baina ez dutela inolako akordiorik lortu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.