Apirilaren 4az geroztik greban daude Zamudioko (Bizkaia) ITA enpresako langileak. Gaur beteko dituzte, beraz, ehun egun. Lan hitzarmen berria eskatzen dute. ELAren arabera, enpresak jendea kontratatu du aldi baterako laneko enpresen bidez, protestan ari diren langileen lana egin dezaten. Salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan, «aldarrikapenei erantzun serioa eman ordez, greba eskubidearen aurka, oinarrizko eskubide baten aurka, egin duelako enpresak».
ITP taldekoa da ITA. Talde horrek beste bi lantegi handiago ere baditu Euskal Herrian. Zamudioko ITP da horietako bat. Hura da egoitza nagusia, 130.000 metro karratuko azalera du, eta 850 langile aritzen dira han. Bestea Barakaldon dago, Precicast izenekoa. 250 langile aritzen dira han. ITAko langileen arabera, bi lantegi horietan baldintza hobeak dituzte. Grebaren bidez, gaur egungo ezberdintasunak gutxitzea lortu nahi dute, ITAko langileen baldintzak Zamudioko ITP eta Precicasteko beharginetara gerturatzea alegia. Horretarako, soldatak igo, lanorduak murriztu eta kontziliazio neurriak bultzatu behar direla diote.
2001ean sortutako enpresa da ITA, eta gaur egun 72 langile aritzen dira han. Aeronautikarako hoditeria egiten dute batez ere, baina baita zetral termosolarretarako piezak ere. ITP taldearena da oso-osorik. ELAk azaldu duenez, iaz 38 milioi euro irabazi zituen taldeak, eta azken hiru urteetan 50 milioi banatu ditu dibidendutan.
Greban dira diruaren garraioaz arduratzen diren Brink's enpresako furgoneta gotorretako langileak ere. 400 euroko nekagarritasun plusa eskatzen dute. 25 ibilgailu ditu enpresak Baionan, eta Ipar Euskal Herriko nahiz Landetako (Frantzia) erakundeak hornitzen ditu. Joan den astearteaz geroztik ez du zerbitzurik eman, eta lapurretak izan daitezkeela azaldu dute grebara deitu duten sindikatuek: CGTk, FOk eta FNCRk.
Zuzendaritzarekin hainbat bilera egin dituzte, azkena atzo arratsaldean, baina oraingoz ez dute akordiorik lortu. Bileraren ostean, protestan jarraitzea adostu zuten langileek. Grebalariekin ez dutela negoziatzen azaldu die zuzendaritzak langileen ordezkariei. Horrez gain, aldarrikapen horiei ezin diela erantzun maila lokalean edo eskualde mailan gaineratu du enpresak. Alabaina, mobilizazioak bertan behera utziz gero, hitz egiteko prest agertu da.
Akordioa Gea Iberican
Igorreko (Bizkaia) Gea Iberican bai, han lortu dute akordioa.LABek jakinarazi duenez, enpresak kendu egin du orain hilabete batzuk aurkeztutako industria plana. 30 lagun botatzea proposatzen zuen plan horrek, eta zazpi kaleratuta zeuden jada. Zazpi horietatik bi berriz hartuko dituela agindu du zuzendaritzak. Horrez gain, beste plan bat aurkeztuko du aurretiazko erretiroak eta pizgarri bidezko kaleratzeak proposatuz. Lau hilabete pasatu dituzte negoziatzen. LAB pozik agertu da lortutakoarekin.
ITA enpresan, ehun egun greban
ELAk enpresaren aurkako salaketa jarri du, jendea azpikontratatu duelako grebalarien lana egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu