Italiak pribatizazioekin eta murrizketa gehiagorekin erantzungo die merkatuei

Legebiltzarrak ostiral gauean onartuko du Berlusconiren gobernuaren doikuntza plana

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconik «doikuntza txiki» gisa aurkeztu zuena ez da hain apala izango. Italiako Parlamentuan eztabaidagai dagoen neurritasun plana handitu egingo dutela iragarri du Giulio Tremonti Ekonomia ministroak —48.000 milioi eurotik 65.000 milioiram igaroko da—, eta beste atal bat gehituko diote: pribatizazioak.

Italiako Bankuen Elkartearen aurrean egindako agerraldian, Tremontik justifikatu egin zuen estatuaren, eskualdeen eta udalen jabetzak saldu beharra. Hori bai, «krisia igarotzen denean» jarriko da abian pribatizazioa, «prezio duinak lortzeko aukera dagoenean». Salgai jarriko ez dena ur banaketa zerbitzua da, herritarrek erreferendum bidez aukera hori baztertu baitzuten ekainean.

Gainera, Tremontik sektore batzuren liberalizazioa bizkortuko du, Europako Batzordeak proposatutakoaren ildotik. Neurri horrek sutan jarri ditu Silvio Berlusconi lehen ministroaren alderdikide batzuk, ikastetxe profesionalen desagerpena ekarriko duelakoan. Halakorik ez dagoela erantzun die Gobernuak.

Merkatuak lasaitze aldera, oposizioak iragarri du ez duela planaren onarpena zuzenketen bidez oztopatuko. Horri esker, gaur goizean du onartzekoa Senatuak eta bihar gauean, berriz, Diputatuen Ganberak. Legebiltzarreko eztabaidan hainbat aldaketa egiteko prest azaldu da Tremonti, baina betiere defizitaren murrizketa ziurtatzeko helburuarekin. Hasiera batean, hauteskundeetan kalte ez egiteko, Berlusconik erabaki zuen neurri gogorrenak 2013tik aurrera ezartzea, hala nola, emakumeen erretiro adina atzeratzea, langile publikoen kontratazioa etetea eta haien soldatak izoztea edo sendagilera joateagatik pagatu behar izatea. Gobernuburuak eta haren aliatu Lega Nordek zerga jaitsierak eskatu dituzten arren, BEZa igotzea eta hainbat zerga kenkari ezabatzea daude mahai gainean.

Neurri horien helburua da merkatuak lasaitzea eta Italiak interes txikiagoak pagatu behar izatea bere zor publiko handiaren truke —1,8 bilioi euro zor ditu, bere BPGaren ia %120—. Ostiraleko eta asteleheneko izualdiaren ondoren, inbertsiogileak baretu egin dira eta Italiaren eta Espainiaren zorraren gaineko presioa arindu egin dute. Italiako Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak gastua murrizteko erreformak sostengatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.