Italian, sindikatu nagusiak begi onez hartu du lan erreforma biguntzea

Montik zentro-ezkerraren botoa ziurtatu du, baina Confindustria patronala haserretu zaio

Iker Aranburu.
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Espainian bezalaxe, Italian ere lan merkatua erreformatzeari ekin dio hango gobernuak. Baina Espainian ez bezala, Mario Monti teknokratak ez du gehiengo osorik parlamentuan, eta duela bi aste aurkeztutako testua bigundu behar izan du, PD zentro-ezkerreko alderdi nagusiko botoak ziurtatze aldera. Sindikatuek txalotu egin dute aldaketa, baina patronalak haserre erantzun du.

Langilearen Estatutuaren 18. artikulua dago eztabaidaren muinean. Haren arabera, epaileek kaleratzeak bertan behera uzteko aukera dute, baldin eta kaleratzeko emandako arrazoi ekonomikoak «oinarririk gabekoak» baziren. Montiren gobernuak martxoaren 23an aurkeztutako testuak bertan behera uzten zuen arau hori, baina atzera egin du asmo horretan.

«Langileen mugimendu bateratuaren emaitza garrantzitsua da, lanaren duintasunari buruz herrian sortu den adostasunarena, gai sozialekiko sentikortasun handiagoa duten indar aurrerakoienek bere egin dutena». Hitz horiekin hartu du gobernuaren erabakia CGIL sindikatuak, Italiako handienak. CGILek ez du argitu aldaketa hori nahikoa ote den erreformaren aurka iragarritako greba orokorra bertan behera uzteko. Aurretik testu berritua osorik irakurriko duela azaldu du, baina gaineratu du «mobilizazio indartsuak» eskainiko dizkiela beste bi sindikatu handiei, besteak beste, langileen eta pentsiodunen gaineko zergak jaisteko. Gaur zortzirako manifestaziora deitu ditu hiru sindikatu horiek, pentsioen erreformaren aurka.

Langileen ordezkari guztiak ez ditu asebete Montiren aldaketak. «Oso larria da CGILen erantzun positiboa», salatu du USB erradikalagoak, eta ziurtatu du 18. artikuluak ezingo duela eragotzi langile askoren kaleratzea.

Patronalaren kritikak

Confindustria patronala ere ez dago gustura, baina, kontrako arrazoiak direla eta. «Testua oso txarra da. Ez da [gobernuarekin] adostutakoa», ziurtatu du Emma Marcegaglia Confindustria enpresaburuen elkarteko presidenteak. «Hobe izango litzateke erreformarik ez egitea». Marcegagliak ukatu egin ditu Montik asteazkenean testu berritua aurkeztean esandakoa, hots, hari esker Italiako merkatua malguagoa izango dela, langileen mugikortasuna eragingo duela eta atzerriko inbertsioa erakarriko duela. «Merkatua zurrunagoa izango da, langileek merkatu beltzean bukatuko dute, eta Italiak inbertsio gutxi izango ditu». 18. artikuluaren azken idazketa ez ezik, patronalak salatu egin du behin-behineko kontratazioak mugatzeko kontratu horiek %1,4ko zerga pagatu behar izatea, eta gobernuak mugak jarri nahi izatea azpikontratazioari.

Montik Marcegagliaren sostengua jaso zuen azaroan Silvio Berlusconi ordezkatu zuenean. Orduz gero, ordea, gobernuaren etapatronalaren arteko harremana kaskartu egin da, enpresaburuen arabera, ez duelako nahikoa egin zerbitzuak liberalizatzeko eta gastu publikoa mozteko.

Herritarren aldetik ere gero eta kritika gehiago jasotzen ditu Montik. Abenduko austeritate programak ezarritako zerga igoeren ondorioa pairatzen ari dira herritarrak, eta erregaiaren garestitzeak haserrea handitu du.

Merkatuen aldetik ere ez du atsedenik izan Italiak. Azken asteotan Espainiakoaren azpitik dagoen arren, nabarmen ari da berriro igotzen. Besteak beste, EBZren diru merkeak ez dituelako atzerriko inbertitzaileak liluratu, eta Italiako zorrari ihes egiten jarraitzen dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.