Europako Batasuna

Italiaren aurrekontua baztertu du Bruselak, baina oraindik ez du zigortuko

Zigorrak ekar ditzakeen gehiegizko defizitaren prozedura zabaltzeko babesa eskatu die EBko estatukideei.

Tria Italiako Ekonomia ministroa eta Moscovici EBko Ekonomia komisarioa, artxiboko irudian. MAURIZIO BRAMBATTI / EFE
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 21a
07:32
Entzun

Italiarekiko borrokan urrats bat aurrera egin du Europako Batzordeak. Erromako gobernuak aurkeztu dion aurrekontu proiektuak "oso modu serioan ez du betetzen Egonkortasun Ituna", eta horregatik eskatu die Europako Batasuneko kideei babesa emateko gehiegizko defizitarengatik zigor prozedura bat irekitze aldera.

Bi aste dituzte EBko kideek beren iritzia emateko, eta, aldekoa izango balitz, Bruselak prozedura zabalduko luke. Prozedura horren azken emaitza izan daiteke Italiari bere barne produktu gordinaren %0,2ko isuna jartzea, Egonkortasun Ituna ez betetzeagatik. "Urrats logikoa da, eta derrigorrezkoa", Pierre Moscovici Ekonomia komisarioaren arabera. Haren iritziz, gaur egungo aurrekontu proiektuak arrisku handiak ditu Italiaren ekonomiarentzat, herritarrentzat, enpresentzat eta bankuentzat. 

Lehen aldia izango litzateke isun bat jartzen dela, nahiz eta krisiaren urteetan herrialde gehienek gehiegizko defizitaren prozeduraren barruan izan diren. Ez zuten, ordea, zigorrik jaso, Bruselak ebatzi zuelako defizita eta zorra txikitzeko neurriak hartu zituztela.

Italiako Gobernuak ironiarekin hartu du Europako Batzordearen erabakia. EBren gutuna jaso al zuten galdetuta, honako hau erantzun zuen Matteo Salvini Barne ministroak: "EBren gutuna? Bizarzuriren gutunaren zain ere banago". Berretsi egin zuen ez diela amore emango presioei: "Eztabaida adeitsua izango dugu, beti bezala. Baina aurrera jarraituko dugu".

Italiaren aurrekontua ez ezik, beste bost estaturenak ere begiradapean ditu Bruselak, ituna ez betetzeko arriskua dutelakoan. Haien artean daude Frantziarena eta Espainiarena.

Oso bestelakoa da Greziaren norabidea. Aspaldiko partez, arau guztiak betetzen dituela baieztatu du Batzordeak. "Normal dabil berriro ere", aldarrikatu du Pierre Moscovici Ekonomia komisarioak. Horrenbestez, Alexis Tsiprasen gobernuak pentsioak gehiago ez txikitzeko baimena eskuratu du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.