ITP Aero Castingseko zuzendaritzak —Lehen PCB zena— eta Segurtasun Sailak Zigor Azpiolea enpresako langile eta LABeko delegatua salatu dute neguko grebako egun batean egondako istiluengatik. Iragan urtarrilaren 16an greba egin ez zuten langileak Barakaldoko plantara (Bizkaia) zeramatzan autobusari kalteak eragin izana egozten diote. Akusatuak «testigantza faltsuak» salatu ditu, eta batzordeak haien jarduna «kriminalizatzen» saiatzen ari direla. Ekainaren 24ean deklaratu beharko du, Barakaldoko (Bizkaia) epaitegian, eta langileek haren aldeko kanpaina bat abiatu dute ITP Errepresiorik ez lelopean.
ITPko langile batzordeak elkartasuna eskaini dio salaturiko langileari, eta salatu du enpresak grebalarien jardunari «zilegitasuna kentzeko» kanpaina abian jarri zuela, eta testuinguru horretan sartu dute salaketa. Gogoratu dute egun horietan Ertzaintza «modu oso bortitzean» oldartu zela langileen aurka, «borrakadaka eta ostikoekin, eta protestaldi baketsu batean sudurra hautsi ziotela Javi Gomez CCOOko Industria arduradunari. Batzordeak, halaber, jardun sindikalaren aurkako jazarpena ikusten du salaketaren atzean: «Zerbait orokorragoa da. Gaur PCB-ITPko zuzendaritza da, baina bihar gatazka bat duen edozein lantokitan ager daiteke».
Azpioleak «oso lasai» dagoela adierazi du, eta «lekukotza faltsu» baten bitartez langileak kikildu nahi dituztela. Salatu duenez, enpresa eta patronalaren asmoa langileek erregulazio espedientea «txintik esan gabe» onartzea da, eta horretarako «Jaurlaritzaren laguntza handia» jaso duela. PCBko langileek bi hilabete egin zituzten greban 82 kaleratze eragin ditzakeen erregulazio espedientea gelditzeko ahaleginean. Epaiketa iragan asteartean izan zen.