Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleentzat «ona» izan da antxoaren arrantza kanpaina. Iazkoa, pandemiak baldintzatuta ere, aurreikusi baino hobea izan zen, eta antzera aritu dira aurten. Gutxiago arrantzatu dute (6.528 tona,-%19,5), baina iaz baino garestiago saldu dute (1,58 eurotan kiloa, +%1,9). Tamaina handiagokoa izan da, garestiagoa, eta euskal kostaldetik gertuago arrantzatu dute: Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetako deskargak hamar puntu igo dira urte batetik bestera (arrantzatutakoaren %43).
Datu horiekin, errentagarritasuna handiagoa izan daitekeela pentsa daiteke, baina, ohi bezala, zuhur mintzatu dira sektoreko arduradunak. Bidaia motzagoak eginda gasolio gutxiago kontsumitu dute, baina erregaiaren prezio igoerak asko baldintza ditzake urte amaierako emaitzak, eta horrek orain arteko azterketa positiboa desitxura dezake. Emeterio Urresti Gipuzkoako kofradietako ordezkariak azaldu duenez, iazkoa halako bi ordaintzen ari dira litroa (80 zentimotik gora), baina gaineratu du oraindik «goiz» dela horren eraginak neurtzeko, eta azterketa zehatzagoa egingo dutela hasi berri den hegaluzearen kanpaina amaitzean.
Historikoki antxoarena izan da, hegaluzearenarekin batera, Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako ontzien kanpaina nagusietako bat. Baina pisua galtzen ari dira bata zein bestea; antxoaren kasuan, berdelaren mesedetan. Lonjetan berdela antxoa baino garestiago saltzen ari dira (1,45 euroan kiloa), eta horren aldeko apustua egiten ari dira (8.000 berdel tona inguru arrantzatu dituzte aurten).
Hainbat faktore daude atzean. Eta horietako bat ez da antxoaren falta. Egon badago, eta asko gainera. Hala berresten dute azterketa zientifikoek. Hiru erakundek neurketa bana egiten dute urtean, eta horietako baten emaitzak eman zituzten atzo: Aztiren Bioman kanpainarena. Datua argigarria da: kalkulatu dute Bizkaiko itsasoan 230.000 tonako stocka dagoela, espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxienekoaren (21.000 tona) oso gainetik, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Arrantzako sailburuordeak gogoratu duenez.
Rogelio Pozo Aztiko zuzendari nagusiaren arabera, gaur egungo biomasak espeziearen iraunkortasuna bermatzen du, bai eta jarduera ekonomikoa ere. Arazorik ez arrantzatzen jarraitzeko. Egun, iraganeko kontua da arazo horrengatik euskal arrantzaleek antxoaren kanpaina eten behar izan zutenekoa: 2005etik 2009ra gertatu zen. Aurreko urteetan antxoa ia desagertu arte aritu ziren arrantzan Kantauri itsasoko ontziak.
«Autogestioaren» alde
Biomasa kontuan hartuta zehazten ditu Europako Batzordeak arrantzagune eta espezie bakoitzeko arrantza kuotak, estatuka. Antxoaren kasuan, euskal arrantzaleak aritzen diren eremurako 31.000 tonakoa ezarri zuen aurten, Galiziako, Asturiasko eta Kantabriakoekin partekatzeko. Jaurlaritzak uste du oso antzekoa izango dela datorren urteko kuota.
Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradientzat egokia da kopuru hori, Iberiar penintsulako iparraldeko ontzidia guztientzat nahikoa dela uste baitute. Antxoa «sobran» badago eta kuotarekin ados badaude, zein da arazoa? Zergatik ari dira berdela lehenesten antxoaren kaltetan? Kofradien aspaldiko aldarrikapen bat dago atzean: kuoten banaketa. «Antxoa debaluatzen ari dira kuoten kudeaketa desegoki batengatik», azpimarratu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako kofradietako idazkariak.
Garmendiak gogoratu duenez, Espainiako Gobernuak antxoaren kuota ez du lurraldeka banatzen, beste espezie batzuekin egiten duen bezala —berdelarekin, adibidez—. «Lurraldeka eta barkuka banatu beharko lirateke kuota guztiak. Horrela, kanpaina hobeto kudeatuko genuke: erregaien eta salmenta prezioen arabera noiz irten-eta erabakiko genuke, errentagarriagoa izango litzateke gure jarduera, eta ez genuke arriskuan jarriko iraunkortasuna».
«Autogestio» hitza aipatu du Garmendiak. Hegaluzearekin «arazo bera» dute Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek. Egun, bi espezie horien arrantzan «lehia handia» dagoela azpimarratu du Garmendiak, eta egungo kuoten sistemak sektorearen «gutxiengo bati» baino ez diola mesede egiten, Kantabriako eta Galiziako kontserba fabriketarako lan egiten duten armadore handiei.
Itsasoan «sobran», platerean urri
Biomasa azterketen arabera, osasuntsu dago antxoa, baina, ontzien arteko lehia handiagatik, euskal arrantzaleak berdela lehenesten ari dira, errentagarriago zaielako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu