Edurne Iriondo. ELAko Garbitasun sektoreko arduraduna

«Itunak gure errealitate sindikala errespetatzen duelako sinatu dugu»

ELAk garbitasunaren sektoreko ituna sinatu du Gipuzkoan, gatazka luze baten ondotik; 3.000 langileri eragingo dio horrek. Erreformaren «alde kaltegarrienak» kanpoan geratu dira 2017 arteko hitzarmenak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2015eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sektoreko hitzarmen gabeziaren basamortuan oasitzat jo daiteke Gipuzkoako garbitasunaren alorrean egin berri den akordioa. CEOE espainiarraren kide Aspel patronalak 2017 arteko hitzarmena adostu du ELA (ordezkaritzaren %53), CCOO, UGT eta ESKrekin. LABek uko egin dio sinatzeari «soldata igoerak ez duelako inolako loturarik KPIarekin». Alegia, LAB beldur da itunaren azken urteetan erosteko ahalmena berriro ez ote den galduko. Edurne Iriondo ELA sindikatuko garbitasunaren alorreko arduradunak aitortu du hori dela akordioaren «alde ahula», baina txanponaren beste aldea ikusita, merezi duela ez du zalantzarik.

Gatazka luze baten ondotik sinatu da itun hau. Zergatik sinatu du ELAk orain?

2010etik dator gatazka, eta oso negoziazio gogorra izan da, tartean lan erreforma iritsi zelako, eta horrek dena nahastu zuelako. Mahai gainean atzera egiteko proposamenak besterik ez dugu ikusi denbora askoan, tartean antzinatasuna kentzea. Soldata izugarri txikiak dira garbitasuneko sektorean, eta antzinatasuna kendu izan balute, pentsa.

Baina zergatik orain?

Aspel patronalak Espainia osoko enpresak biltzen ditu, eta horiek probintziaka negoziatzen dute. Berriki ikusi dugu Kantabrian antzinatasuna kentzen zuen akordioa egin dutela. Hemen, ez. Gure errealitate sindikala errespetatzen duen akordioa delako sinatu dugu, merezi zuelako alegia.

Atzera eraman nahi zintuzteten aldagaiak itunetik kanpo geratu dira orduan.

Bai, neurri handi batean bai. Iaztik egindako mobilizazioei esker, tartean hainbat egunetako greba sortak, hitzarmen hau iritsi da. Onartu dute antzinatasuna errespetatzea, eta erreformaren aurkako klausulak ere bai: batetik, ultraaktibitatea urtebete baino luzeagoa izango da, askoz ere luzeagoa, bost urtekoa; hau da, 2017an bukatu eta 2022 arte indarrean egongo da itun hau, aurretik berritzen ez bada. Bestalde, enpresek ezingo dute ituna euren kabuz urratu, ezingo dute Orpricce organora jo lan baldintzak aldatzeko, ez bada aurretik langileekin adostutasunik lortu. Eta hori oso garrantzitsua da, enpresek nahi zutenean itunak bertan behera uzteko karta gordetzen zutelako, eta orain ez dutelako karta hori izango.

LABek ez du sinatu akordioa, nahiz eta ELArekin batera egin borrokaren bidea alor honetan. Soldata igoerak KPIra ez direla lotu dio. Zer diozu zuk?

Beharbada soldata igoerak KPIra lotuta ez egotea izango dela itunaren alde ahulena. Gainera, azken urteotan galdutako erosteko ahalmena ez da berreskuratu,2009tik soldatak izozturik egon direlako. 2015ean %1eko igoera izango da; %1,2koa 2016an; eta %1,4koa 2017an. Aurten KPIak negatiboan bukatu du, eta ez dago arazorik, baina agian itunaren azken bi urteetan lotutako igoerak baino gehiago igoko da KPIa; nork daki? Baina, hala ere, akordioa oso ona da bere hartan hartuta; ez dugu zalantzarik.

Zergatik?

Azkenean, Aspel CEOEko kide delako; lan erreformaren sustatzaileak, garbi esateko, eta horiekin lortu dugulako erreformaren alde kaltegarrienak kanpoan uztea. Sektorea oso atomizatua dago, eta langileek gutxieneko zorua izango dute aurrerantzean, lan baldintzak nahi erara aldatzen ari baitziren. Gutxieneko arau batzuk jarri ditugu, eta ahal den enpresetan zoru horretatik gora egiten saiatuko gara.

Sektoreko langile guztiei eragiten die akordioak?

Ez; administrazio publikoarentzat lan egiten dutenei, ez, haiek euren lan itunak baitituzte; kasurako, hainbat udaletxe, kultur etxe eta horrelako lekuak garbitzen dituztenak. Sektorearen erdiari eragiten dio, 3.000 inguru langileri, gehienak emakumeak. Enpresa pribatuak, etxe pribatuak, atariak eta abar garbitzen dituzte. Horiek dira ahulenak.

Sinatu berri den akordioa posible litzateke Adegirekin?

Erantzun zaileko galdera da hori. Oraingoz, Adegirekin ez da sinatu horren iraupen luzea duen itunik, eta, seguru asko, zaila izango litzateke.

Lagungarria izan zaizue, Adegi ez, baina CEOE aurrean egotea?

Ez dakit lagungarria izan den; dakidana da egindako borrokaren neurriko itunak lortzen direla gehienetan. Antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasunada gakoa. Horri eskerlortu genuen 2001ean greba egun asko egin ondoren 35 lanorduko astea, eta horri esker lortu dugu orain 35 lanorduei eustea gure itunean. Erreferentzia garrantzitsua da lanaldi murritzak egiten dituztenentzat, horri esker soldatak ez direlako are baxuagoak. Alor honetan askok egiten dute lan orduka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.