Itunpeko ikastetxeei dirua gutxitu die Jaurlaritzak, soldatak jaits ditzaten

Gabonetako aparteko sarian izango dute langile publikoek murrizketaren zatirik handiena

Iker Aranburu.
2010eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Hezkuntza publikoko irakasleei ez ezik, sektore pribatukoei ere soldata jaisteko atea zabaldu du Eusko Jaurlaritzak. Gastu publikoa gutxitzeko lege dekretuan, murriztu egin du itunpeko ikastetxeei ematen dien diru saila, irakasleen soldatak pagatzeko dagokion arlotik. Langile publikoen soldatak %0,98 eta %5 artean jaitsiko dituzte, baina jaitsiera horren zati handi bat Gabonetako aparteko sarian izango dute.

Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseilu berezia egin zuen atzo,2010eko Aurrekontu Legea aldatzeko prestatu duen lege dekretua onartzeko. Tramite hutsa izan behar zuen, joan den astean jakinarazitako neurriak berresteko bilera soila. Baina orain arte aipatu gabeko neurria sartu du dekretuan Jaurlaritzak: itunpeko ikastetxeentzako diru kopurua gutxitu egin du. Zehazki, irakasleei eta ikastetxeetako beste langileei soldatak pagatzeko atala murriztu du, «funtzionarioei aplikatutako neurri berean», Jaurlaritzak agiri baten bidez azaldu duenez.

Berez, Jaurlaritzak ezin ditu behartu itunpeko ikastetxeak beren langileen soldatak jaistera, baina zaila izango dute ez egitea. Hortik ez bada, gastua beste alde batetik gutxitu beharko dute, eta finantzaketa aldetik larri dabiltzala esan dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 350 ikastetxe inguruk jasotzen dute Jaurlaritzaren finantzaketa, ikastolek eta kristau eskolek batik bat: 550 milioi euro urtean. Horrekin gastuen %70 eta %80 artean estaltzen dituzte. Itunpeko eskolek 12.000 langile dituzte, eta ia bi ikasletik bat.

EHUko irakasleei, gehiago

Euskal Herriko Unibertsitateko langileen kasua ere argitu du Eusko Jaurlaritzak. EHUko administrazio eta zerbitzu arloko langileei euskal administrazioei aplikatutako murrizketa bera ezarriko zaie; irakasleei eta ikertzaileei, berriz, Espainiako Gobernuak erabakitakoa, haren menpeko langileak baitira. Ondorioz, soldata gehiago jaitsiko zaie irakasleei: %5, batez beste. Izan ere, Jaurlaritzak erabaki du %5eko murrizketa ez ezartzea langile publikoen soldatei, langilerian egindako gastuan baizik. Hau da, zenbait lanpostu ez ordezkatuta eta plaza batzuk murriztuta aurreztuko duen dirua ere %5 hori kalkulatzeko baliatuko duela. Helburu horrekin ere, Itzarri pentsio osagarriari egindako ekarpena ere soldata gordinaren %3tik %1,5era gutxituko du.

Funtzionarioei ez ezik, lan kontratuko langileei, behin-behinekoei eta sozietate eta enpresa publikoetako langileei ere jaitsiko diete soldata.

Jaurlaritzak atzo bertan aurkeztu zuen lege dekretua Eusko Legebiltzarrean. Datorren ostegunean edo hilaren 24an eztabaidatu eta bozkatu ahal izango dutela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.