Hiperinflazioaren eta estanflazioaren ondoren, prezioekin lotutako beste mamu bat gerturatzen ari da Hego Euskal Herrira: deflazioarena. Nazioarteko Diru Funtsaren definizioaren arabera, prezioak sei hilabetez jarraian jaistea da. Berez berri ona dirudi, eta hala izan daiteke laburrerako bada, batez ere krisiak milaka langabe sortu dituenean eta familien zorpetzea maila historikoan dagoenean: prezioak jaisteak diru gehiago uzten die herritarrei beraien beharrak ase ahal izateko edo, aukera badute,kontsumitu eta ekonomia suspertzeko.
Baina arazoa da prezioen jaitsiera luzatzen bada, kontsumo erabakiak atzeratzeko joera izaten dela, produktuak merkeago izango direlakoan. Horrek, noski, enpresen diru sarrerak gutxitzen ditu, eta gurpil zoroa biraka hasten da: inbertsioak geratzen dira eta langileak kalera doaz; inbertsioa jaso behar zuen enpresaren diru sarrerak mugatzen ditu eta langabezia handitzen denez, kontsumoa are gehiago moteltzen da. Egoera horretatik ateratzea oso zaila da, Japoniak 90eko hamarkadan erakutsi zuen moduan.
Deflazioa bereziki txarra da zorrak dituztenentzat, zorraren zama handitzen duelako: soldatak agian jaitsiko dira, baina bankuari pagatu beharreko interes tasa beti positiboa izango da.
Deflaziorako arriskurik ez dagoela esan du Espainiako Ekonomia Ministerioak. Behingoz asmatuko balu.
Itxura oneko datu txarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu