Izaera ondo finkatua du Gasteizek. Hiria ez da aldaketa bortitzen zale. Askotan esan ohi da, erdi txantxetan erdi serio, harri bat mugitzeko edozein erabakik behar duen adostasun maila lortzeko zailtasunak harri gehienak ukitu gabe uzten dituela. Hala ere, aldatuz doa. Itxuraldaketa isila da, erritmo txikiagokoa, baina sakonera geroz eta handiagoa duena. Krisi ekonomikoak desafio handia bota dio nortasun patxadatsu horri. Urte gutxian, langabe kopurua bikoiztu egin da. Ia 20.000 dira lanpostu bat aurkitu ezinik dauden gasteiztarrak. Estrategia eta erantzun berrien esperoan.
Ekonomia oso hiri gutxitan izan da metamorfosi erraldoi baten zutabe nagusia. Nekez uler liteke gaur egungo Gasteiz joan den mendeko erdialdean egindako jauzia aintzat hartu gabe. Industrializazioaren trena berandu hartu zuen Arabako hiriburuak, baina abiadura bizian. 36ko gerraren ostean, eta bereziki 1956. eta 1976. urteen artean, «iraulitako hiria» bihurtu zen, Aitor Gonzalez de Langarika historialariak erabili ohi duen tesiari jarraituz. Lantegi berriek immigrazioa erakarri zuten, eta populazio hazkunde apartak —115.000 biztanle irabazi zituen 40 urtean— hiriaren muga fisikoak zabaldu zituen. Gasteiz berriaren hiru gakoak jarrita zeuden Franco diktadorea hil zenerako. Mende hasierako hiri txiki eta tradizionala oso urrun zegoen ordurako.
Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziola edo burdinola historikoen tradiziorik gabe, industrializazio eredu berri bat bilatu behar izan zuen Gasteizek. Paradoxikoki, hiriaren ezaugarri fisikoek erraztu zuten hori. Auzoko herrialdeek ez zuten lurzorua sobera izateak inguruko enpresaburu asko erakarri zituen. Gasteizko udalerriak 277 kilometro koadro ditu, gehienak lauak. Alde handiz, hiriburu handiena da hedaduran. Industria guneak sortzeko baliatu zuen hiriak ezaugarri hori —sei ditu hiriaren inguruetan—, enpresa txiki, ertain eta handiak erakarrita.
Zer geratzen da orain eredu horretatik? Ekonomia osoak jasan duen tertziarizazioaren bideari jarraitu dio Gasteizek ere. Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin alderatuz, ordea, prozesu hori «leunagoa» izan dela defendatu du Jose Juaristi EHUko irakasleak, hiriak 1980. eta 2010. urteen artean izandako aldaketei buruzko azterlan batean. «1980. urtean hasitako krisiak gehien eragindako sektoreen presentzia handirik ez izatea da Gasteizen ezaugarrietako bat, Forjas Alavesas kenduta», azaldu du Juaristik. Industriak jarraipen bat izatea ahalbidetu dio horrek hiriari, birmoldaketa handiak egin diren garaian.
Edonola ere, lau sektorek osatzen dute industriaren muina: metalaren eraldaketa, kautxu eta material plastikoak, ibilgailuak, eta makineria. Krisiaren hasieran, industria enpleguaren %70 inguru lau horietako batek eskaintzen zuen. Egitura hori aspaldi ezarri zen, eta indartu baino ez da egin, enpresa txiki eta ertainak jaun eta jabe diren ekosistema batean. Hiriak dituen enpresa handienek —Mercedes-Benz autogilea eta Michelin pneumatiko ekoizlea— mende erdia daramate bertan. Sektore berriak erakartzeko saioek ez dute emaitza handirik utzi, aeronautikari lotutakoak izan ezik. Industria erakartzeko ahalegin publikoek —opor fiskalak, esaterako— emaitza hala moduzkoak izan dituzte, eta politika horrek ikur izan zen proiektuak, Daewook, porrot egin zuen aurreikuspenak bete gabe.
Krisiaren kolpeak industria horren ondareari jo dio zuzenean. Enpresa historiko eta garrantzitsu batzuek enplegu galerak eta birmoldatze prozesu mingarriak jasan dituzte; Cegasa edo Laminaciones Arreguik, bi aipatzearren. Eustatek egindako neurketaren arabera, industria alorreko enpresen %13 galdu du hiriak gainbehera hasi zenetik. Neurketa horren arabera, 500 lanpostutik gorako bi konpainia baino ez ditu —Michelin eta Mercedes— bigarren sektorean. Halaber, 250 eta 500 langile arteko zortzi enpresa gutxiago daude, itxita edo behargin kopurua murriztuta.
Oraindik ere industriari lotutako enplegu oinarri sendoa du Gasteizek. Bost langiletik batek sektorean egiten du lan. Industriako 21.000 langile baino gehiago dira, 2007. urtean baino 5.000 gutxiago. Enpleguan pisu handiena duten bi sektoreen —merkataritza, garraio eta ostalaritza eta administrazio publikoa— atzetik, hirugarrena da. Hori bai, egoerak ez du zerikusirik industrializazioak goia jo zuen egunekin. 1975ean, esaterako, hamar langiletik sei ari ziren eskulangintzan. 50.000 laguneko lan indar itzela.
Bigarren zabalkundea
Ondo finkatutako industria egitura batean, aldaketa sakonik gabe igaro ditu Gasteizek azken hamarkadak. Ezin liteke gauza bera esan eraikuntzari buruz. Azken urteetako aldaketarik handiena izan da hiriaren zabalpen fisiko itzela. Joan den mendean errepide saihesbideak jarri zituen mugak gainditu, eta txiki utzi ditu Arabako hiriburuaren hedapenak. Itxuraldaketa isilagoa izan da, baina betirako aldatu du Gasteizen itxura, eta datozen urteetarako ere erronkak eta buruhausteak ekarriko ditu.
Hirian auzo berriak eraikitzeko prozesua 1980ko hamarkadan hasi zen, Lakuarekin. Haatik, garapen oso motela izan zuen. Ez zen askorik eraiki Jose Angel Cuerda alkatearen garaian. Nahi edo ez, horrek efektu bat izan zuen: Gasteizen, etxebizitzaren prezioak Bilbokoa gainditu zuen, eta Donostiakoa ia parekatzeraino iritsi zen. Bistako kontraesana, hiriak lurzorua eskura barra-barra duela ezagututa. XX. mendearen amaieran, hedapenari heldu zion Gasteizek, Lakuatik hasita, eta ondoren Salburura eta Zabalganara hedatuta; hiriaren ekialdera eta mendebaldera, hurrenez hurren. Abiadura bizian eta eskala handian egindako aldaketa izango zen, gainera.
«Gasteizen, eraikuntzaren burbuila izugarri bat egon da», dio Unai Fernandez de Betoño arkitektoak. Milaka eta milaka etxebizitza egiteko onartu ziren planak «astakeria» iruditzen zaizkio. Gerora begira planifikazio horrek agerian utziko akatsak honezkero inork ez ditu ukatzen. Eskala ulertzeko datu bat eman du: 2001. eta 2011. urteen artean, 25.117 etxebizitza eraiki ziren, hiriaren etxebizitza kopurua %28 handituta. 2006. eta 2010 artean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hasitako etxebizitzen erdia inguru Gasteizen izan zen.
Beste garai batzuetako auzo bilduen eskema alde batera utzita, lurzoruaren erabilera intentsibo bat eskatu du prozesuak. Ideia bat hartzeko, 1987. eta 2006. urteen artean lurzoruaren okupazio artifiziala %51 handitu zen, Hegoaldeko beste hiriburuetan baino askoz gehiago. Populazio dentsitate gutxiko auzoak eta kaleak izateak ez dio mesederik egin hiriari, kontrakoa baizik. Estrategiari buelta eman behar zaio orain, dentsitatea handitzeko erabakiak hartuta. «Jende guztiak onartzen du orain helburuak barrualdera haztea izan behar duela. Hala ere, periferian etxebizitza berri gehiago eraikitzea dago planifikatuta oraindik. Prozesua behingoz gelditu, eta lehentasuna eman beharko litzaioke beste auzo zaharrago batzuk zaharberritzeari», Fernandez de Betoñoren hitzetan.
Industrializazioaren garaian eraiki ziren kanpoaldeko auzoak zahartu eta hustu egun dira, eta fenomeno hori arrastoa uzten ari da hiriaren eguneroko bizitzan. Besteak beste, merkataritza ereduan: betiko saltokien desagerpenak ez du etenik. Saltoki handien presentziak areagotu egin du fenomenoa. PPk alkatetza lehen aldiz lortu zuen arte, 1999. urtean, saltoki handiak jartzea eragotzi zuen udalak.
Adreiluaren loraldiak gainbehera izan du, krisia etorri bezain pronto. 2008. urtean, 3.000 enpresa baino gehiago zeuden eraikuntzari lotuta. Sei urte geroago, 2.000 baino gutxiago geratzen dira. Kolpea hobeto ulertzeko, tamainari erreparatzea da onena. Hamar langile baino gehiago zituzten enpresen %62 desagertu dira, bai etxebizitza eraikuntzan eta higiezinen sustapenean aritzen ziren negozioen erdiak ere.
Behintzat, ondorio onuragarri bat izan du eraikuntza neurrigabekoaren faseak. Gasteiz dagoen eskualdean, babes ofizialeko 86 etxebizitza daude mila biztanleko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gehien dituen bigarren hiria Donostia da, eta 30 baino ez ditu.
Hiriburua, eta plurala
Jatorri oso ezberdineko populazioak osatzen du Gasteiz. Industrializazioaren ondorioz hiriak izan zuen eztanda demografikoa da ezaugarririk nabarmenena. Azken hamarkadetan, beste bi fenomeno gehitu zaizkio, neurri txikiago batean: gertuko herrialdeetatik etorritako immigrazioa —administrazio publikoarekin zerikusia duten lanpostuei lotuta, esaterako— eta Espainiatik kanpoko migranteak. Gaur egun, populazioaren erdia baino ez da Gasteizen jaiotakoa. Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo jaiotakoak %11,8 dira.
Frankismoaren ondoren, hiriaren estatus administratiboa aldatu zen: Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatu zuten. Hiriburu ofizial oso baino gehiago, erakunde komunen egoitza kokatzeko leku bihurtu zen. Izendapen horrek hiriari ekartzen dizkion onurak aztertu zituen aspaldi Joseba Garmendia EHU ekonomialariak. Oro har, estatus horrek hiriko ekonomiari ekartzen dion onura «gainbaloratuta» dagoela ondorioztatu zuen, EAEko egitura administratiboak nahiko deszentralizatuta daudelako.
Garmendiak egindako azterketaren arabera, hiriburua izateari lotutako enplegua %4 baino gutxiago da, eta antzeko ehunekoa du hiriko barne produktu gordinari egiten dion ekarpen ekonomikoak. Datu bat: Bilbok baino 10.000 langile publiko gutxiago ditu, eta Donostiaren pare dago. Hala ere, 12.000 lagunek joan-etorria egiten dute egunero Arabako hiriburuan lan egiteko.
Urteekin, hiri adeitsu eta jasangarriaren marka garatzen saiatu da Gasteiz, espazio berde asko baititu, bai eta babes sistema publiko garatu bat. Krisiarekin batera, arrakala batzuk ateratzen hasi zaizkio irudi horri. Hala, Eusko Jaurlaritzak pobreziari buruz egindako azken azterketak azpimarratu du Araban eta batez ere Gasteizen pobrezia errealak azken urteotan izan duen igoera, EAEko beste hiri eta herrietan baino handiagoa. Industrializazio garaiaren oihartzunik gabe, itxuraldaketa isila izan du Gasteizek. Hiritar berriei, gutxien dutenei eta espazio nahiz zerbitzu publikoen etorkizunari emango zaizkien erantzunen araberakoa izango da biharko hiria.