KONTZIENTZIAZIOA
«Nahiago nuke nazioarteko egunik ez balego!»
Gizartean lan segurtasunaren gaineko kezka azaleratzeko jaio zen nazioarteko eguna. Jesus Uzkudunek20 daramatza lanean esparru horretan eta «sekulako aldaketa» nabaritu du langileen artean.
Juanjo Rodriguezek azaldu du LABek «sentsibilizaziotik kontzientziaziorako» urratsa eman duela. Nazioarteko egunari buruz galdetuta, «hitz egiteko aukera ematen digu eta pozik gaude, baina nahiago nuke nazioarteko egunik ez balego!». Luis Miguel Saenz ezkorrago agertu da: «Apirileko azken asteko kontua da, bainaurteak 365 egun ditu. Batek irudipena du azken egunotan prentsak ere justifikatu beharra duela. Gu bakarrik sentitzen gara. Oso gogorra da hori. Nazioarteko eguna bai, baina gero ez dago jarraipenik».Gizartean pasibotasuna errotu dela iritzi dio: «Gizarteak ez du hausnartzen, berdin du datuak ematea edo gauza bat errepikatzea. Gero,oso liberalak gara exijentzietan».Uzkudunek azpimarratu du oraindik ez duela legebiltzarkiderik ikusisindikatuen pankarten atzean. Juanjo Rodriguezen irudiko, ordezkari politikoak «patronalaren ideologiaren eraginpean daude».
LEGEA
«Legea oso ona da, baina ez da betetzen»
1996ean sartu zen indarrean Lan Arriskuei Aurre hartzeko Legea. Zortzi urte iragan dira, eta istripu kopuruak goian diraute.«Sindikatuok gauza batean gaude ados dio Saenzek: Legea nahiko aurrerakoia da eta eduki aldetik ona. Baina zer gertatzen da? Ez da betetzen. Legea hor dago, baina ez du bokazio batek laguntzen: kultura aldaketa, inbertsioak, lehentasuna...», gaineratu du.
PREBENTZIOA
«Kostuak gizarteari pasatu eta hor konpon»
Legeak dio enpresa guztiek arriskua ebaluatzeko plana izango dutela, baina enpresa batzuk kenduta, halakorik ez dela betetzen salatzen dute sindikatuek: «Baina horretarako beharrezkoak dira giza, diru eta teknika baliabideak», dio Saenzek.
Juanjo Rodriguezek Woody Allenen Hartu dirua eta korri egin filma aipatu du enpresen jokaera irudikatzeko: «Epe motzeko irabazietan itsutzen dira, langileen segurtasunaren kontura».Uzkudunen iritziz, istripu bakoitzak kalteak eragiten dizkio enpresari «makina bat izorratu, instalazioa gelditu...»baina ez da berdina gertatzen lan gaixotasunekin: «Gizarteari pasa kostuak eta hor konpon».Saenzen arabera, patronalak neutralizatu egin du gaia: «Sentsibilitate merke asko dago. Datuetan oinarritzen dira eta 'badirudi istripuak jaisten ari direla' diote. Baina ez da halabeharraren kontua, zenbatek eman duten plana ezartzeko pausoa baizik».Legeak langileei osasun zaintza egitea exijitzen du osasun-etxe homologatuen bidez. EAEko 900.000 langiletik 300.000ri baino ez zaio egiten, eta «arrisku espezifikoa dutenen artean, 150.000ri. Tongo egiten ari gara», dio Saenzek.
EGONGAIZTASUNA
«Ez bada murrizten, nekez konponduko da arazoa»
Federico Duran CES Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko presidenteak duela hiru urte egindako txosten batek ondorioztatu zuen aldi baterako langile batek lan istripua izateko hiru aldiz aukera gehiago dituela.Juanjo Rodriguezek gogorarazten du Hego Euskal Herriko eta Espainiako behin-behinekotasun tasak Europako Batasunekoa bikoizten dutela eta, Espainiaren kasuan, lan istripu gehien duen herrialdea dela: «Ez bada prekaritatea murrizten, nekez konponduko da arazoa».
Uzkudunen aburuz, «nahiz eta enpresa handiak prebentzio neurriak hartzen ari diren, ez dira gutxitzen lan istripuak, zerbitzuak azpikontrata bidez kanporatzen dituztelako.Bere iritziz, koordinazioa garatu behar da enpresa handien eta azpikontraten artean eta langileek ere elkarrekin borrokatu behar dute azpikontratazioaren aurka.
IKUSKARITZA
«Baina nork ematen du aurrera legea?»
«'Legea, legea ' diote, baina nork ematen du aurrera legea?», galdetzen du Luis Miguel Saenzek. Hegoalden 22.000 langileko ikuskatzaile bat dago. Ikuskaritzaz gain, gaixo-agiriak eta ordu estrak betetzen diren kontrolatzen dute. «Ez dira iristen. Salaketa bat egin eta hiru hilabeterako ez dute deitzen» . Jaurlaritzarengainditu gabeko azterketa da. Ez diote zezen honi adarrik ateratzen utzi», azaldu du.
Uzkudunen iritziz, «zigor bidea ez luke nagusiena izan behar, baina hainbeste urte pasa eta hainbeste istripu izan ostean, egurra gogorrago eman behar da». Eusko Jaurlaritzari «borondatea falta» zaiola deritzo: «Eskumen arazoa dela dio Azkarragak, baina borondatea egonez gero, asko dago egiteko». Uzkudunek oroitarazten du13 urteren buruan, istripuen kalte-ordainak ez direla berritu; izoztuta daude. «Langileen biziak gutxi balio du», ondorioztatu du.
-
Lan segurtasuna Europan eta Euskal Herrian
EUROPAko BATASUNA
Datu orokorrak: 1999an 4,7 milioi lagunek izan zuten hiru egunetik gorako gaixo agiria. Urtean 7.500 langile inguruk galtzen dute bizitza lanean:100.000 langileko 3,4 enplegatu. Langileen %27k uste du segurtasuna arriskuan jartzen duela lanaren ondorioz. Batez beste astean 38,2 ordu lan egiten dira, baina %21ak 45 ordu baino gehiago lan egiten du.
Sektoreak: 1999ko datuen arabera, arrantza da sektorerik arriskutsuena: batez bestekoa baino 2,43 aldiz arriskutsuagoa. Eraikuntzan 100.000 langileko 6.621 istripu izaten dira. Adinari begiratuz gero, 18 urtetik 24 urtera artekoek hartzen dute hiru egunetik gora gaixo agiri gehien: 100.000 langileko 5.725.
Behin-behinekotasuna: Lan Osasun eta Segurtasuneko Europako Agentziaren arabera, «epe motzeko lana arrisku faktorea da». Eraikuntzan bi urtetik beherako kontratua dutenen artean are handiagoa : +%65. Beste bi faktore lanaldi partziala (+%44), eta gauean lan egitea dira.
Kostuak: Lan istripuen ondorioz langileen %5ek lanpostuz aldatzen du.Agentziaren arabera, urtean 350 milioi lanegun galtzen dira.
EUSKAL HERRIA
Datu orokorrak: Iaz Hego Euskal Herrian677 istripu larri jazo ziren eta beste 136 langileri heriotza eragin zien. Gainera estatistiketatik kanpo daude langile autonomoak eta ELAren arabera, 16 langile autonomo gehiago hil ziren: 152 hildako, beraz. Hiru egunetik bat. 100.000 langileko 13,3 hildako.
Sektoreak: Industrian 24.908 istripu zenbatu ziren, eraikuntzan 13.364, nekazaritzan 1.355 eta zerbitzuetan 22.128. Lanerako bidean, bestetik 5.902. Hildako gehien (48) lanerako bidean izan ziren.
Behin-behinekotasuna: Federico Duran Espainiako CESeko presidenteak egindako azterketak ondorioztatu zuen aldi baterako langileek3,3 aukera gehiago dutela lan istripua izateko.
Kostuak: 2002an 1.788.210 lanegun galdu ziren gaixo agirien ondorioz :21,2 baja egun langileko. Urtero 750 milioi euroko kostua eragiten dute. Espainian, CCOOen arabera, lan istripuek 12.000 milioi euroko kostuak eragin zituzten 2002an, BPGaren %1,72.