Jabe berria ukanik ere, Luxat enpresako 78 langileetarik 24 lan gabe geratuko dira

Atzo eman zuen Baionako epaitegiak erabakia; MMD eta Royer taldeen esku geratuko da enpresa

Luxateko langileak eta sindikalistak, joan den astean, Baionako auzitegira iristen. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nahiz jabe berria ukan, Beskoitzeko (Lapurdi) Luxat zapata fabrikako 78 langileetarik 24k galduko dute lanpostua. Atzo eman zuen Baionako Merkataritza Auzitegiko epaileak enpresaren bilakaeraren berri. Epaileak azaldu du enpleguen aldetik eskaintza «abantailatsuena» lehenetsi dutela. Atelier taldea sortuz, Manufacture Maroquinerie du Dauphine MMD eta Royer taldeak elkartu eta horiek izanen dira jabe berriak, irailetik aitzina. Adosturiko proposamenaren arabera, Royer taldeak zapaten ekoizten segituko du, eta guztira hamabi langile kontratatuko ditu; MMD, berriz, luxuzko zakuen ekoizpenari lotuko zaio, eta guztira 42 langile hartu. Paregabia lantegiko langileetariko hamabi ere lan gabe geldituko dira; Paregabia Sainte Marie de Gossen dago, Landetan, eta hori ere Luxaten nagusiaren eskuetan zen.

Jabe «ezezaguna»

Harridurarik gabe hartu zuten erabakia atzo auzitegian ziren langileek, proposamena jakina zelako azken asteetan. Hala ere, erosle horiek ez dituztenez ezagutzen, kezkaturik agertu zen LAB sindikatuko ordezkari Jean Louis Antxubidarte. Dakitena da talde «izugarria» dela eta ekoizpenen %85 Asian eginarazten dituela. Arranguraturik, beraz, argi utzi dute kudeaketa «hurbiletik zainduko» dutela.

Erretiroaren adinetik hurbil diren andana bat izanki, horiei ordaindu behar liekete aurretiko erretiroa, Antxubidartek jakinarazi duenez. Horiez gain, hainbat langilek enpresatik joateko nahia adierazia dutenez, horiekin ere ikusi beharko dute.

Iazko abendutik zen enpresaren bilakaera zalantzan eta Baionako auzitegiaren esku, orduan jakin zutelako sei hilabeteko zuzentze judizialean ezarria zela. Ordutik hainbat protesta ekimen egin dituzte.

Plastitube enpresan ere kezka

Baionako Plastitube enpresako 127 langileek ere kezkaturik segitzen dute, burutu berrantolaketan 47 postuen desagerpenaaurreikusten delako. Sinbolikoki, 47 gurutze instalatu zituzten enpresaren aitzinean, joanden astean.

Ekainaren 10ean emanen du Higieneaz, Segurtasunaz eta Lan baldintzetaz arduratzen den Batzarrak berrantolaketari buruzko iritzia. Ezer ez balitz aldatzen, ekainaren 14an behin betikotz berrantolaketa onartua litzateke, eta orduan hasiko litzatezke kanporaketa gutunen bidaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.