Hego Euskal Herriko administrazio publiko nagusiek pilatuta duten zorpetzeak behera egin du ekaina eta iraila bitartean, Espainiako Bankuak emandako azken datuaren arabera. Aurreko urteotan izandako etenik gabeko igoera eten du zor publikora finantzazio bila jotzeko aukerak, besteak beste, Espainiako Gobernuak ezarritako defizit muga estuen ondorioz. Kontuan hartu behar da, dena den, oraindik hiruhileko bat falta dela urtea amaitzeko.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, %4,2 jaitsi da zor kopurua. Dirutan, 401 milioi euro gutxiago dira. Hori bai, 2013. urteko itxieran baino 843 milioi handiagoa da zor kopurua (%10,18ko igoera). Nafarroako Gobernuak, berriz, bigarren hiruhilekoa du zorpetzeak behera egiten. Aurreko hiruhilekotik %1,15 murriztu da (39 milioi euroko jaitsiera). Joan den urteko itxierarekin alderatuz, zorpetzea %6 igo da Nafarroan.
Neurketa horretatik aparte geratzen da bi gobernuek dituzten hainbat enpresa publikoren zorpetzea: Jaurlaritzan 41 milioi euro dira, eta Nafarroako gobernuan, 39 milioi.
Jaitsiera horri esker, zorpezteak barne produktu gordinean duen pisua ere jaitsi da bi administrazioetan. Eusko Jaurlaritzaren zorpetze gordina BPGren %14,1 da orain, eta Nafarroako gobernuarena, BPGren %18,4.
Espainiako Bankuak, halaber, hiru foru aldundiek pilatuta duten zorpetzearen berri eman du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak, baturik, 3.229 milioi euro zor dituzte. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, %4,1 gutxiago da. 2013. urteko itxieraren azpitik dago, halaber. Hain zuzen ere, 32 milioi euro gutxiago dira.