Interes tasak

Jaitsiera esanguratsua izan du euriborrak, EBZk dirua merkatzea erabaki ondoren

Hipotekak finkatzeko neurgailu nagusia %0,506ra jaitsi da, kopururik txikiena aurtengo ekainetik, eta datozen egunotan gehiago jaistea espero da.

Ivan Santamaria.
2013ko azaroaren 8a
13:27
Entzun

Hipotekaren faktura finkatzeko neurgailu nagusiak, euriborrak, jaitsiera aipagarria izan du gaur, Europako Banku Zentralak diruaren prezioa jaisteko atzo hartu zuen erabakiaren ondoren. Hamabi urterako euriborra %0,506ra jaitsi da, atzo zeukan %0,534tik. Joan den ekainetik kopururik txikiena da. Goizegi da hipoteketan eragin zuzena izateko —normalean hamarrenak aintzat hartzen dira—, baina jaitsierako joaera argia aurreratu du.

Murrizketa horren ondoren, EBZren interes tasen eta euriborarren arteko aldea 25,6 oinarrizko puntu dira. Horrek esan nahi du datozen egunetan jaitsiera handiagoa izateko tartea egon badagoela oraindik ere, %0,3 ingurura arte, adituen arabera. Jaitsiera hori albiste ona izango da hipoteka duten maileguak ordaintzen ari diren herritarrentzat, faktura arinduko zaielako. Aldiz, aurrezkien interesak kobratzen ari diren pertsonek itzulera txikiagoa jasoko dute.

EBZk, ustekabean, diruaren prezio ofiziala %0,5etik %0,25era murriztea erabaki zuen atzo. Erabaki horren bidez, kontsumoa berpiztu nahi du banku zentralak, inflazioa bultzatu eta deflazioaren mamua urruntzeko. Nolanahi ere, Draghik nabarmendu nahi izan zuen atzo eurogune osoan ez duela deflaziorako arriskurik ikusten. «Inflazio txikiko epe luze bat» bai, baina luze gabe edo luzera begira berriro ere prezioak EBZk gogoko duen erritmoan igotzea aurreikusi du, %2tik gertu, baina horren azpitik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.