Jaitsierak itunen gainetik

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak babestu egin du iaz onartu zen langile publikoen soldaten jaitsieraEsan du ez duela urratzen ez Konstituzioa, ez negoziazio kolektiborako eskubidea

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Administrazio batek lasai asko hautsi dezake langile publikoekin hilabete batzuk lehenago sinatu zuen lan hitzarmena. Espainiako Gobernuak langile publikoen soldatak batez beste %5 jaitsi zituen iazko maiatzean, lege dekretu baten bitartez, defizita murrizteko asmoz. Lan itunak aldatu egin behar izan zituzten, jaitsiera aplikatzeko. Auzitegi Konstituzionalak esan du erabaki horrek ez zuela langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratu. Ezta, beraz, askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea ere. Aldaezintasuna ez da lan hitzarmenen «funtsezko ezaugarria», dio. «Lan hitzarmena maila handiagoko legeen mende dago, ez alderantziz», gehitu du.

Espainiako Auzitegi Nazionalak planteatu zuen erabakiaren konstituzionaltasuna, iazko urrian, baina Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu.

Negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeaz gain, Auzitegi Nazionalak planteatu zuen Espainiako Gobernuaren erabakia baztertzailea izan zela. Zergatik? Soldata jaitsiera enpresa publiko batzuetako langileei aplikatu zietelako, baina beste batzuei ez. Jaitsieratik kanpo geratu ziren Renfeko, Adifeko eta AENAko langileak.

Espainiako Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrikako langileak erabakiaren kontra agertu ziren, diskriminatu egiten zituelako. Auzitegi Nazionalak aintzat hartu zuen langile horien salaketa. Langile horiek soldatapeko langile publikoak dira, ez funtzionarioak. Auzitegi Nazionalak bi kategoriak bereizi zituen, eta sindikatuentzat helegitea aukera ona zen soldatapeko langile guztiei jaitsiera ez aplikatzeko. Ez dute lortu.

Espainiako Gobernuaren esanetan, soldaten jaitsiera ez zuten aplikatu zenbait enpresa publikotan, «langile asko zituztelako». Auzitegi Nazionalak erantzun zion erabakiak ez zuela ez hankarik ez bururik; enpresa handi horietan, langile gehiago zituztenez diru gehiago aurreztuko zutela.

Auzitegi Konstituzionalak ez du eskaera aintzat hartu, onartuz gero murrizketa orokortuko litzatekeelako, ez onura. Hau da, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrikako langileek lortuko lukete soldata jaitsiera langile guztiei aplikatzea, baina ez haiei bertan behera uztea.

Sententziak Hegoaldean

Hego Euskal Herrian, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuak onartutako soldata jaitsierak aplikatu zituzten, aldaketa batzuk eginda.

Zenbait sektoretako eta enpresatako langileek auzitara jo zuten soldata jaitsieraren kontra, baina auzitegiek atzera bota zituzten langileen eskaerak. ETBko langileek, irakasleek, lan kontratupeko Hezkuntza Sailekoek, Aiarako suhiltzaileek eta EHUko irakasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek aurkeztutakoak, esaterako.

Kasu guztietan EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen soldaten jaitsierak Espainiako Konstituzioa errespetatzen duela. ETBko sindikatuek aurkeztutako helegitearen kasuan esan zuen neurria«arrazoizkoa» dela, egoera ekonomikoa ikusita. «Krisi ekonomikoaren gordintasunak» zuritu egiten du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak hartutako erabakia: «Neurria premiari lotuta dago». Sententzia horretako irizpidea aplikatu du hurrengo kasu guztietan.

Hala ere, sententzia horretan botu partikular bat izan zen. Horren arabera, Espainiako Gobernuak lege dekretuaren «gehiegizko erabilera» egin zuen.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak lehen erreakzioak eragin ditu. «Agian gobernua aldi baterako lasaituko da, baina langileen ezinegona ez da konpondu», esan zuen atzo Candido Mendez Espainiako UGTko idazkari nagusiak. Nabarmendu zuen Espainiako Gobernuak urratu egin zuela sinatutako lan ituna.

CSI-F sindikatuak «helegiteak aurkezten» jarraituko du, eta nazioarteko erakundeetara jotzeko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.